Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen astelehen ilunabarrean, Erremontari saioaren (ETB1) barruan eta Ezkurra II-Zaldua I ETA Segurola-Azpiroz bikoteek lehenengo garaipena lortu zuten bertan.
Ezkurra II.ak eta Zalduak lehenengo partidua jokatu zuten txapelketan, Gurutzeta sagardotegia ordezkatuz, eta garaipen esanguratsua eskuratu zuten, 30-23, Aldabe eta Larrañagaren aurka. Hauentzako ere lehenengo partida izan zen eta punturik gabe geratu ziren. Aldabek eta Larrañagak Bereziartua sagardotegia ordezkatzen dute.
Partida ongi hasi zen urdinentzat. Aldabe bikain hasi zen, tantoak amaitzen, eta atzean Larrañagak mendean zuen Zaldua. Horri esker 2-8 aurreratu ziren markagailuan. Hala ere gorriek azkar erreakzionatu zuten eta zortzina berdintzea lortu zuten. Ezkurra II.ak motorrak berotu zituen eta Zaldua sakearekin min egiten hasi zen. Partida berdinduta joan zen 13-12ra arte, baina orduan gorriek lau tantoko abantaila hartu zuten, 16-12. Ez zen abantaila erabakigarria, inondik inora, baina Ezkurra eta Zalduak ongi eutsi zioten lauzpabost tantoko aldeari amaierara arte, 21-17, 23-19, 25-21, 27-22, 28-23. Azken bi tantoak gorriek egin zituzten eta punturik gabe utzi zituzten aurkariak.
Josetxo Ezkurra izan zen partidako onena 16 tanto eta bost akatsekin. Zalduak ongi babestu zuen Ezkurra, zortzi tanto eta bi akatsekin. Urdinen artean Aldabek 11 tanto eta bost akats egin zituen eta Larrañagak bost tanto eta pilota bakarra hutsegin zuen.
Arantza ateratzeko aukera
Jaialdiko bigarren partidan Segurolak eta Azpirozek aurreko asteko arantza atera zuten. Bikain aritu ziren Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka. 25-30 lortu zuten garaipena eta 20-29 ere joan ziren aurretik. Azken tanto hori egitea kosta zitzaien, baina lortu zuten. Azken bost tantoei esker, gorriek puntu bat eskuratu ahal izan zuten.
Oso partida gogorra izan zen asteleheneko bigarrena, lau erremontistak ongi aritu ziren eta akats gutxikoa izan zen. Markagailuan tanto bolada luzeak ikusi ziren, baina urdinek bolada gehiago eta hobeak izan zituzten. Bai Segurola eta bai Azpiroz bikain sartu ziren partidan eta 0-5 eta 3-10 aurreratu ziren.
Hala ere, gorriek tanto bakarrera hurbiltzea lortu arren, 12-13, bigarren bolada izan zuten urdinek eta 12-13tik 12-21era joan ziren zuzenean markagailuan. Sendo, abantailari eutsi zioten eta hamar tantoko aldea ere izan zuten 18-28koan. 20-29 eta gero partida ixtea kosta arren, azken tantoa urdinen alde erori zen 25-30.
Atzelarien partida izan zen eta bien arteko parekotasuna handia izan zen. Barrenetxeak 14 tanto eta lau akatsekin amaitu zuen eta Azpiroz bere pare aritu zen 12 tanto eta bi akatsekin. Aurrean Segurolak partida oso ona burutu zuen hamar tanto eta akatsik egin gabe. Hamarreko partidua. Goikoetxeak 9 tanto eta lau akats egin zituen.
Sagardoaren Txapelketa-Sailkapena
1. Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 5 puntu (bi partidu)
2. Urriza-Zubiri (Larre Gain) 4 puntu (partidu bat)
3. Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta) 4 puntu (partidu bat)
4. Segurola-Azpiroz (Petritegi) 4 puntu (bi partidu)
5. Ansa II-Juanenea (Setien) 2 puntu (partidu bat)
6. Aldabe-Larrañaga (Bereziartua) 0 puntu (partidu bat)