Historiako denboraldirik onenari merezi duen amaiera eman nahi dio Realak eta talde txuriurdinak eta Alavesek Ligako azken jardunaldian lehiatuko duten derbia Reale Arenan jokatuko da, maiatzaren 15ean (12.00). Zelai donostiarrak aurten hartuko duen emakumezkoen bigarren partida izango da, urtarrilean Realak eta Athleticek derbia jokatu baitzuten bertan ere.
Realeko bazkideak beren txartelarekin sartu ahal izango dira, taldeak Reale Arenan jokatu dituen aurreko partidetan gertatu den bezela. Gainera, bazkide bakoitzak gonbidapen bana izango du eskuragai. Klubak azaldu duenez, hurrengo egunetan zehar jakinaraziko du gonbidapenak jasotzeko ordutegia. Sarrerak erosteko aukera, berriz, gaur bertan eskainiko da, arratsaldean jarriko baita martxan online salmenta Realaren web orriaren bidez.
Rayo Zubietan gaindituz, Realak igandean lortu zuen Txapeldunen Liga jokatzeko txartela bere historia lehen aldiz. Helburu nagusia lortu du, beraz, baina beste urrats bat eman nahi du talde gipuzkoarrak, bosgarren jardunalditik jabe den bigarren postuari eutsiz. Horretarako, eta Atletico eta Real Madril sei puntura daudela kontuan hartuta, nahikoa du lehiatzeko falta diren bi partidetan puntu bakarra lortzearekin. Datorren igandean (12.00) Granadillaren kontra Tenerifen jokatuko duten norgehiagokan eskuratzea espero dute txuriurdinek, azken jardunaldi horretara inolako ardurarik gabe heldu ahal izateko. Lortuz gero, derbiaren jaia erabatekoa izango da hasiera-hasieratik, Alavesek berak orain dela bi aste mailari matematikoki eustea lortu baitzuen.