Bizkargi Gogoratuz elkarteak Bizkargiko Eguna ospatuko du maiatzaren 8an, mendi honetan hil ziren Amaiur Batailoiko gudariak omentzeko. Faxisten aurkako borrokan erori zirenetik 85 urte bete direnean gogoratuko dituzte.
«Aurtengo edizioan, Luis eta Simon Altzueta Ariztimuño, Joxe Apaolaza Oiarbide, Jose Mari Gabiria Alustiza, Ramon lgartzabal Otegi eta Jexux lzagirre Arsuaga omenduko ditugu. Denak Gabiriako bizilagunak ziren eta 21 eta 27 urte bitartean zituzten Euskal Herriaren defentsan faxisten aurka borrokan erail zituztenean», azaldu dute elkartetik.
Maiatzaren 3an izan zen Santikurtz eguna eta 8an hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Bizkargi Eguna ospatzeko. 11.00etan hasiko da festa trikitilari eta Ein Go taldearekin batera. 12.30ean omenaldi ekitaldia egingo da, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldearekin batera. Honekin batera Etxanoko nagusiaren ongietorria eta txuzoa sartzea egingo dira.Ondoren, Etxahun Lekue, Onintza Enbeitia eta Txiplas bertsolariek abestuko dute.
Ordubatean erromeria egongo da Ein Go taldearen eskutik. Xabier Amurizari esker ona adierazteko ekitaldiakin eta Eneko Larruzearen kantaldiarekin emango diote amaiera egitarauari. Egun osoan zehar txosna egongo da ere.
Honekin batera, Gabiriako Udalak bizikleta martxa bat antolatu du batailaren 85. urteurrena gogoratzeko. Gabiriatik abiatuko da ibilbidea, 1936ko Gerraren hondamenak jasan zituzten hainbat herri zeharkatuz, eta maiatzaren 8an amaituko da, Bizkargi gailurrean.