Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Jon Maia
Bertsolaria

«Ez nuen onartu nahi utzi beharra neukala»

Ez zion bere buruari onartu nahi. Txapelketa Nagusiari agur esateko unea iritsi zaio Jon Maiari. 1993tik zazpi Txapelketa Nagusitan hartu du jarraian. Lau finaletan kantatu du eta 2009an hirugarren postua egin zuen.

Jon Maiaren azken partehartzea Amurrion izan zen, 2017an.
Jon Maiaren azken partehartzea Amurrion izan zen, 2017an. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Orain aste gutxi hartu du erabakia. Bertsozale elkarteak erantzuna emateko ezarri zuen epea amaitzear zela. «Kasik ez nuen pentsatu ere egin nahi horretaz. Ez nuen onartu nahi utzi beharra neukala [irribarrea].

Eta eguna iritsi zenean nahiko garbi ikusi zuen ezetz esan behar nuela. «Iristen da unea zure buruari onartu behar diozula txapelketako zure denbora joan dela. Orain ez diodala eskaini txapelketari eskaini beharko niokeen denbora».

Ez gaude ohituta betirako erabakiak hartzen. Hala dio. «Bizitzan hartu dudan bakarrenetakoa da ia seguru atzera bueltarik ez duela sentitzen dudana. Eta horrek bertigoa ematen dizu. Hamabi urterekin hasi nintzen honetan, pentsa! Eta asko kostatzen zait uztea. Eta zure denbora ere pasatu dela onartzea ere bada. Hori ere kosta egiten da. Ni beti izan naiz oso txapelketazalea, eta zentzu horretan gggorra egiten zait nire bizitzaren etapa hori itxi behar dudala. Eta pasatu dela».

Erabakia hartzen lagundu dio bizi duen momentu bereziak. «Oso ondo sentitzen naiz, asko betetzen nauten proiektuak ditut esku artean, tartean ‘Kantu bat gara’, eta horrek lagundu dit erabakia hartzen», esan du.

Zortedun sentitzen da. «Izugarrizko poza da adin honetara iristea hainbeste gauza egiteko aukerarekin. Nire momentuaren onenean sentitzen naiz, pasa ditut askoz momentu okerragoak hau baino. 49 urterekin seguraski inoizko proiekturik handienetara iritsi naiz eta oso-oso pozgarria da. Hori da nire garaipenik handiena. Umetan hasten duzun bidea da, ez dakizuna noraino eramango zaituen, eta 50 urte betetzera zoaz eta oraindik honetan jarraitzen duzu. Oraindik sentitzen duzu jendeak nahi duela zu hor egotea, bestela ezingo zenuke jarraitu, noski, eskaerarik ez balego. Eta zuk baduzula egiteko ekarpenik».  

Txapelketari esan dio agur, ez plazari. «Bertsoa, kantua eta dokumentala uztartzen ditut orain. Baina bertsoa da inoiz utzi ez dudan gauza bakarra. Bertsoa nire etxea da. Tarteka etxetik ateratzen naiz eta abenturak bizitzen ditut, baina beti itzultzen naiz bertsora. Eta inoiz ezingo diot bueltatu bertsoari berak eman didan guztia. Eta mila urte iraungo banu ere kantatzen inoiz ez nioke emango berak niri emandakoa. Bertsoari zor dizkiot lantzen ditudan beste proiektu guztiak ere. Azkenean hori da nire sentimendua. Bertsoak eman dit lekua eta izena. Txapelketak asko eman dit. Hori zor diot eta jendeak edozein herri eta auzotatik deitzen didan bitartea nik segiko dut», adierazi du.

Txapelketa Nagusian azken partehartzea Amurrion izan zen, 2017an. Ez zekien azkena izango zenik. «Nire agurra agertokian izatea nahi nuen. Baina egun hartan ez nekien, nahiz azken agurran esan nuenagatik badirudien banekiela». Sare sozialen bidez agurtu zen atzo bere jarraitzaileez.