NAIZ

Donostiako feministek erakundeen babesa eskatu dute abortuaren aurkako protestak debekatzeko

Apirilaren erdialdetik Estatu espainolak abortuak egiten dituzten kliniken aurkako jazarpena debekatu zuen. Hala ere, talde ultrakatolikoek prozesioa antolatu dute larunbaterako Donostian, eta feministek erakundeei ekitaldia egin ez dadin neurriak hartzeko eskatu diete, legeari jarraituz.

2021ko otsailean ultrakatolikoek Askabide klinikaren parean protestak egiten zituzten egunero. MOVIMIENTO PRO-VIDA
2021ko otsailean ultrakatolikoek Askabide klinikaren parean protestak egiten zituzten egunero. MOVIMIENTO PRO-VIDA

Donostiako Bilgune Feministak eta Amara, Gros eta Morlans auzoetako talde feministek salatu dute Estatu espainolak abortuak egiten dituzten zentroei jazarpena egitea debekatu duen arren, talde ultrakatolikoek maiatzaren 7rako manifestazioa deitu dutela Donostian, ‘Rezar no es delito’ lelopean eta prozesioan Askabide klinikaraino joateko.

Apirilaren 2an ere horrelako protesta bat egin zuten, eta mota horretako jazarpena debekatzen duen legea 10 egun beranduago onartu zuen Senatuak, zeinaren arabera eraso horiek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin edo komunitateko lanekin zigortuko dira.

Donostiako talde feministek jakinarazi bezala, Udaleko Berdintasun Kontseiluak, 2022ko martxoaren 30ean eginiko bilkuran adierazpen bat egin zuen, abortatzea erabakitzen duten eta jazarpena jasaten duten emakumeei «babes osoa» adieraziz, Askabide klinikari eta bertako langileei «elkartasun eta babes osoa» adieraziz eta emakumeek «euren eskubideak askatasunez egikaritzeko topatzen dituzten oztopo ideologiko eta administratiboak ezabatzeko neurri eraginkorrak» har daitezen eskatuz.

2021eko otsailean Askabide pairatzen hasi zen jazarpenak zirela eta, herritarrek hartu zuten berara joaten ziren emakume zein langileak babesteko ardura. Izan ere, egunero joaten ziren ultrakatolikoak bertara protesta egitera; herritar eta eragile feministak ere egunero joaten ziren horiei aurre egitera. Orain legea alde dutenez, erakundeei neurriak hartu ditzaztela eskatzen diete.

«Egoeraren larritasuna kontuan izanda», Donostiako Udalari eta Lakuako Segurtasun Sailari eskatu diote «neurri eraginkorrak har ditzala» abortuaren aurkakoen deialdia debeka dadin, «batetik, ekimen horrek emakume guztion sexu eta ugaltze eskubideak urratzen dituelako, eta bestetik, legez kanpokoa delako joan den apirilaren 12a ezkero».