NAIZ

EHUk 154 Udako Ikastaro eskainiko ditu aurten

EHUren Udako Ikastaroen 41. edizioak gizartearen «zortzi erronka nagusietan» jarriko du arreta: Gobernantza, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, iraunkortasuna, hezkuntza eta euskal kultura.

Itziar Alkorta, EHUko Uda Ikastaroen Fundazioko zuzendaria; Eva Ferreira, EHUko errektorea, eta Laura Poderoso, BBVA Fundazioko zuzendariordea.
Itziar Alkorta, EHUko Uda Ikastaroen Fundazioko zuzendaria; Eva Ferreira, EHUko errektorea, eta Laura Poderoso, BBVA Fundazioko zuzendariordea. (UPV/EHU)

Eva Ferreira Uda Ikastaroak fundazioko lehendakari eta EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendari ordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak 41. edizioko edukiak aurkeztu dituzte.

Aurten 154 ikastaro programatu dira Hego Euskal Herrian eta Akitania Berrian. 30 ikastaro aurrez aurrekoak izango dira, 120 mistoak (aurrez aurre nahiz online jarraitu ahalko direnak), eta 4 ikastaro online izango dira, zuzenean. Edizio honetan, gainera, 20 hitzaldi izango dira, doan eta herritar ororentzat.

2022ko leloa ‘ezagutzearen alde’ izango da, Uda Ikastaroen funtsa trasmititzen baitu: «Gure etorkizunaren ildoa aldatuko duten gertaera garrantzitsuak bizitzea tokatzen ari zaigu, gertaera disruptiboak, eta horrek guztiak eragiten duen ziurgabetasun egoeraren aurrean eta gure gizartea gero eta gehiago polarizatzen ari den desinformazioaren aurrean, ezagutzaren alde egitea dagokigu guri».

41. edizio honek gizartearen 8 erronka izango ditu ardatz, «gaur egun arreta handia eskatzen duten erronkak izanik». Gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, iraunkortasuna, hezkuntza eta euskal kultura. Ukrainako gerraren eragina kontuan izango dute programazioan, baita pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere, «edizio honetan guztian zeharkako gaiak izango dira eta».

Aurkezpen ekitaldian EHUko Uda Ikastaroen irudi berria aurkeztu dute. Azken urteetan izandako «bilakaeraren adierazgarri» dela azaldu dute, udako denbora eremua gainditu eta urte osoan eskaintza iraunkorra proposatzen baitu. UIK marka berriak Uda Ikastaroen bereizgarriaren ondoan agertzen jarraituko du, Eduardo Chillidak EHUko Uda Ikastaroetarako sortu zuen logotipoarekin.

Edizio honetan, ezagutzaren hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsonak izango dira. Esate baterako, Carlos Briones, CSICeko astrobiologoa eta espezialista lurretik kanpoko bizitzan, esaterako.

«Prisma zabaldu eta honako hauek ere parte hartuko dute: Bernardo Atxaga, Mariano Ferrer kazetariaren figura gogorarazteko; Giuseppe Abbamonte, Europako Batzordeko Hedabideen Zuzendaritzako zuzendaria; eta Josh Roberts, REScoop.eu herritarren kooperatiba energetikoen Europako federaziokoa. Epaileen munduan, Ana María Ferrer, Antonio del Moral edo Maria Ángeles Carmona Auzitegi Nagusiko magistratuak egongo dira».

Ikastaroen edukiak

Iraunkortasunaren gaia 37 ikastaroetan landuko da. Besteak beste, krisialdi klimatikoa euskal ekonomiak deskarbonizatzeko dituen aukera errealisten ikuspegitik begiratuta aztertuko da, teknologia berriek erronka klimatikoaren aurka borrokatzeko eskaintzen dituzten aukeren bitartez: «Mugikortasun konektatua, energia komunitarioko ekimenak, baina baita ekonomiak eta enpresek prozesu horretan duten papera ere landuko dira, hirigintza berria eta abar».

Zahartzaroaren gaia beste hainbat hitzalditan landuko da. Esate baterako, pertsonek beren bizitzaren proiektuan eta diseinuan parte hartzeko duten eskubide aktiboari buruzko ikastaroan. Adinekoei ‘etxean ez bada, etxean bezalako arreta ematea’, edo adinekoentzat atsegina izango den arkitekturaren eta hirigintzaren rol aktiboa ere landuko da. Beste ikastaro espezifiko batean iraupen luzeko zainketen etorkizuna aztertuko da.

Hezkuntzaren inguruan berriro ere hitz egingo da. Edizio honetan, landuko diren gai batzuk izango dira prestakuntza eremuak natura abiapuntu eta xede duen hezkuntza, erronkak ikasleen arazo espezifikoen aurrean edo gaikuntza ahozko komunikazioan. Era berean, hezkuntza eskaintzarik hobearen aitzindari izateko bokazioa duen eskola publikoaz ere hitz egingo da.

Sarrionaindia, gonbidatua

Euskal kulturari dagokionez, egile bati erreparatu ohi zaio urtero. Uda honetan, egile gonbidatua Joseba Sarrionaindia izango da, eta bere lan guztien errepasoa egiteko aukera izango dute entzuleek, harekin batera. Urteurren «zoriontsu» bat ere ospatuko da, Elhuyarrek 50 urte bete baititu eta, horren harira, euskarazko ezagutzaren zabalkundea berrikusiko da, «betiere etorkizunera ere begiratuta».

Azaldu dutenez, «lan munduan eraldaketa sakona gertatzen ari da, eta pandemiaren eraginez abiadura are azkarragoan, gainera». Horregatik, 4.0 enpresaren inpaktuak aztertuko da. Gainera, digitalizazioaren gaiarekin jarraituz, adimen artifiziala hainbat ikastarotan aztertuko da, hainbat ikuspegitatik begiratuta: teknikotik, juridikotik eta giza eskubideen eta balioen errespetuaren ikuspuntutik.

Gobernantza eta herritarren partaidetzako modu demokratikoagoetan sakontzeko proposamenak ere aztertuko dira hainbat uda ikastarotan. 

Azkenik, osasun mentala ikastaro askotan landuko da, pandemiak «agerian utzi baitu gizarteek gabezia handiak dituztela arlo horretan». Berriro ere, EHUko Uda Ikastaroetan suizidioaren fenomenoa aztertuko da, beste askoren artean, «proposamen berritzaileak» eginez.

Astearte honetan ireki da matrikula egiteko epea; publiko guztientzako moduko proposamenak biltzen dira: mundu akademikoa, ikerketa, profesionalak, erakunde publikoak, ikasleak eta, oro har, gizarte osoarentzat. Matrikula egin daiteke bai mugikorraren bitartez, baita webgune berrian ere: www.uik.eus.