NAIZ

Lindanoak kaltetutako lursailen zerrenda bat aurkeztuko du Lakuak 2025ean

2022. eta 2025. artean, lindano izeneko pestizida baten isurketek kaltetutako lurren inbentario bat eta horien erreparaziorako bide orri bat osatuko duela aurreratu du gaur ostegunean Lakuako Gobernuak.

Beharginak lindanoz kutsatutako lurrak aztertzen.
Beharginak lindanoz kutsatutako lurrak aztertzen. (IREKIA)

Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hiru urteko epean lindanoak (HCH bere formula kimikoan) kaltetutako EAEko lursailen inbentario bat eta datozen urteetarako bide orri bat osatuko dituela jakinarazi du ostegun honetan, erakunde eta eragile desberdinekin egindako bilera batean. Hortaz gain, orain arte atzemandako lur kutsatuen inguruan eta azken bi urteetan lindanoaren aferan egindako aurrerapenen inguruan mintzatu dira.

Konkretuki, Arantxa Tapiak zuzendutako Sailaren ordezkariek hiru foru aldundiekin; Uraren Euskal Agentziarekin; Ihoberekin; Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin; EUDELekin; Gasteiz, Bilbo, Santurtzi, Barakaldo, Leioa, Mungia eta Sondikako udalekin; Aclima, Ingurumen Klusterrarekin; eta Ekologistak Martxan elkartearekin bildu da arazo honetaz hitz egiteko.

‘Lindanoak eragindako kutsaduraren inguruko Ekintza Instituzional eta Sozialaren Mahaia’ izendatu duten bilera honen helburua. Lakuaren esanetan, «​instituzioen arteko eta gizartearekiko koordinazioa bultzatzea eta jarduteko jarraibideak indartzea, lindanoak (HCH) eta konposatu organiko iraunkorrek sortutako kutsadura ikertzeko eta erremediatzeko zereginak garatzea», da.

Izan ere, Urkullu Gobernuak onartu du lindanoaren «kontrolik gabe egindako isurketek» Euskal Herriko geografian zehar toxiko honen «kantitate sakabanatuak agertzea» eragin dezakeela, Ekologistak Martxan elkarteak hainbat alditan salatu izan duen moduan.

Tapiak zuzendutako sailak jakinarazi du bileran ondoko gaiei heldu dietela, besteak beste: «‘Lindanoak EAEn sortutako kutsadurari aurre egiteko jardunaren bide-orria’ izeneko dokumentuaren erredakzioa; biltegien zehartzearekin lotutako azken teknologien azterketa; HCH duten lurzoruen tratamendurako teknologiak hornitzen dituzten enpresekiko kontaktuak; landare-espezieak karakterizatzeko metodologien ebaluazioa edo eragindako lurzoruak eta urak tratatzeko proiektu erakusleak babestea; eta EAEn HCHz kutsatuta dauden lurzoruen oinarrizko inbentario bat egitea».

Bestetik, Argalario, Loiu, Kastrexana, Jata, Artxanda, Etxeuli, Tellaetxe, Modorreta eta Gardelegiko kokaguneen inguruan eta HCH atzeman duten beste leku batzuetan egindako aurrerapenak eta etorkizunerako aurreikusitako jarduerak jorratu dituztela ziurtatu du.

Kontrolik gabeko isurketak 86ra arte

80ko hamarkadaz geroztik, Bilbo Handiaren zati handi bat, batez ere Ibaizabal ibaiko eskuinaldeko eta ezkerraldeko herri batzuk, lindano izenez ezagutzen den pestizidaren fabrikaziotik etorriko hondakinak sortutako kutsadurapean egon ziren.

Erandion eta Barakaldon bi enpresa egon ziren, inolako kontrolik gabe euren hondakinak Ibaizabal aldean edo Nerbioi beherean, batez ere, isuri zituztenak. Hondakin horien isurketa 1986an debekatu zen, eta orduan bukatu zen haien ekoizpena.

Beste zenbait tokitan ere lindanoa arazo bilakatu da.