NAIZ

Teresa Catalanek jaso du Eusko Ikaskuntzaren Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Teresa Catalan konpositorearentzat izan da bere ibilbidean zehar lortutako merituengatik. Gazte Saria, ordea, Imanol Zubiauz Arte Ederretan doktoreak eskuratu du, ‘Pidgin’ proiekturari esker.

Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak ematen dituzten sariak iragarri dituzte.
Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak ematen dituzten sariak iragarri dituzte. (Maialen ANDRES | FOKU)

Teresa Catalanek eskuratu du Eusko Ikaskuntzak Laboral Kutxarekin batera ematen duen Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. Catalan konposizio garaikideko egile garrantzitsuenetako bat da Euskal Herrian. Gainera, egitate musikalaz duen ikuskeragatik eta kulturarekin duen konpromisoagatik, erreferente da etikan eta irakaspenean, epaimahaiaren arabera. Sortzaile gisa, talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa lortu du.

Konposizioko lehenengo emakume katedraduna izan da Estatu espainoleko musika hezkuntzaren historian, eta hainbat musikari belaunaldi trebatu ditu etengabeko bilaketan, hobekuntzan eta lanbidearen zehaztasunean. Hori dela eta, haren katedra erakargarritasun handikoa izan da era guztietako ikasleentzat.

Era berean, konpositore eta irakasle gisa musikari eskaini dion dedikazio multiforme eta askotarikoagatik nabarmentzen da. Jarduera asko eta asko sustatu ditu sorkuntza garaikidea zabaltzearen alde, ikasle eta lankideen lana barne. Betiere interes kolektiboa distira pertsonalaren aurretik jarrita.

Azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du sarituak konposizioan, hezkuntzan, sustapenean eta kudeaketan egin duen ibilbide luzea, izan ere, «eskarmentu horrek ikuspegi pribilegiatua eman dio, kulturak eta, zehazki, musikak hazkunde pertsonalerako eta bizi-kalitate kolektiborako duen garrantziari buruz. Nafarroako Kulturaren Kontseiluko partaide izanik, agerikoa da Teresa Catalanentzat kulturarekiko konpromisoa gure gizartearekiko konpromisoa dela».

Gazte Saria, Imanol Zubiauzentzat

Gazte Saria, berriz, Arte Ederretan doktore den Imanol Zubiauz 32 urteko Zumarragako gazteak lortu du ‘Pidgin’ proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.

Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da ‘Pidgin’, izan ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.

Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, bi kulturen loturak, euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. «Horren adierazle, aurkitutako 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude», argitu du epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berrian, eta itsas kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak eta bere ikerketa aintzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreproduzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta berariaz sortutako euskarrietan aditzera emango da. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman gogora ekarriko du. Sariari esker, lana egiteko 6.000 eurotako ordainsaria jasoko du.