NAIZ

Espazio publikoari buruzko dinamika berria jarri du martxan Gu Ere Bagara Bilbok

Gu Ere Bagara Bilbok espazio publikoari buruzko dinamika berria aurkeztu zuen ostegunean. Izan ere, gaur egun ematen den espazioen «pribatizazioa eta merkantilizazioa» salatu dute gazteek.

Gu Ere Bagara Bilboren asanblada Zirika! herri gunean.
Gu Ere Bagara Bilboren asanblada Zirika! herri gunean. (Gu Ere Bagara Bilbo)

Joan den ikasturtean gazte-topaketek izandako arrakastaren ondoren, Gu Ere Bagara Bilbok mahai-gainean jarri nahi duen dinamika berri bati ekin zion Zirika! Gunean egindako asanblada baten bitartez, atzo.

Dinamika berri honek espazio publikoa izango du ardatz. Izan ere, hau Bilbon landu beharreko arazoetako bat zela ebatzi zuten gazteek pasa den urteko topaketetan: «Zailtasun larriak ditugu gure militantzia eramateko, eguneroko aisialdia izateko, gure ingurunearekiko sozializaziorako, gero eta kontrol sozial handiagoa eta abar luzea garatzeko espazioak aurkitzeko».

«Multinazional handiei gure hirian bizitzen jartzeko alfonbra gorri bat jartzen zaien bitartean, gure bizi-baldintzak okerrera doaz, eta Bilboko gazteria garen aldetik, gure etorkizuna jokoan dago. Gure espazioen pribatizazioa eta merkantilizazioa agerikoak dira: arnasa hartzeko gero eta birika gutxiago (Bolintxu), eremu ilunak emakumeentzako arriskutsuak izaten jarraitzen dute, arraza eta klase sozialagatiko bereizketa, lan-eskubide prekarizatuen eredua, hirigintza oldarkorra...», azaldu dute gazteek.

Dinamika horren baitan, eta topaketen emaitza bezala, dossier bat egin dute. Txosten hori Bilboko gazteekin partekatu nahi dute hainbat hitzaldi eta banaketetan, «gertatzen zaigunari buruz hitz egin dadin».

Horregatik, gazteei prozesuarekin bat egiteko deia egin du Gu Ere Bagara Bilbok, «jakin badakigulako gure errealitatea erabat alda daitekeela eta aldatu behar dela».

«Anbizioz: har dezagun gure espazioa, kaleak gureak dira. Har dezagun gurea den tokia!», aldarrikatu dute gazteek.