Kopako porrotak are ageriago utzi du Ligan lortutako bikaintasuna
Katastrofikotzat jo zitekeen Bera Beraren Kopako finalerdietako porrota. Illunben aurpegi ilunak ziren nagusi, imajinatu genuen gidoian ez baitzen Guardesen aurkako donostiarren porrota sartzen, are gutxiago aste batzuk lehenago Ligan arerio bera jipoitu ostean. Baina konbentzituta nago porrot horrek beste lorpen batzuei balioa emateko balio izan zuela. Bera Berak beti irabazten badu badirudielako arerioak ez direla indartsuak, erraz gailentzen dela, apenas esfortzurik egin gabe. Bada, ez, atzo irabazi duen zortzigarren Ligaren atzean bikaintasuna ez ezik, lan handia ere badago. «Inork ezin digu aurpegiratu lanik egiten ez dugunik», adierazi zion elkarrizketan NAIZi Cristina Poloniok.
Badirudi Bera Beraren gidoian beti dagoela irabaztea. Jakina, zuzendaritzaren, entrenatzaileen eta jokalarien nahia hori da, baita zaleena ere. Baina nahi bat izatea gauza bat da eta beti jarritako helburuak lortzea beste bat. Azken hamarkadan 18 titulu irabazi ditu Bera Berak, Euskal Herriko talde loriatsuenetakoa bihurtuz. Irabazteko egindako taldea da, eta gauzak asko okertzen ez badira, beti eskatuko zaio irabazteko lehian egotea. Atzoko garaipenarekin Liga bikaina borobildu dute donostiarrek: porrot bakarra eta berdinketa bakarra jokatutako 23 jardunaldietan. Ligako partidarik galdu gabe egon zen Bera Bera ia bi urtez, nola bada aurpegiratu dakioke zerbait horrelako talde bati? Illunben eztanda egin zuten tristura eta amorruzko negar malkoek uneotako poztasunean aurkitu dute arrazoia. Talde txapelduna delako Bera Bera, baita galtzen duenean ere.
«Poztasun apur bat ondo etorriko zaigu», adierazi zuen Poloniok. Disfrutatzeko abagunea ere behar baitu taldeak, nahiz eta, ziur aski, datozen hiru partidak irabazteko lanean jo eta su jarraituko duen. Profesionaltasunez, Liga profesionala ez bada ere, beraien lana profesionala delako. Eta hor daude emaitzak: zortzigarren Liga denboraldia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan.