NAIZ

Braillea euskaraz ikasteko ‘Punttuka’ metodoa aurkeztu dute Nafarroan

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak ‘Punttuka’, braillez irakurri eta idazteko euskarazko metodoa, aurkeztu du astearte honetan Iruñean.

Pertsona bat braillea irakurtzen.
Pertsona bat braillea irakurtzen. (Getty Images)

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak (NHBBZ) ‘Punttuka’, braillea euskaraz irakurri eta idazten ikasteko balio duen metodoa, aurkeztu du astearte honetan Iruñean. Baliabide pedagogiko hau Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta batik bat, baina, egiatan, eskolatzeko edozein unetan braillea ikastea behar duen edonork erabili dezake ‘Punttuka’.

Aurkezpen ekitaldian Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak eta egileetako bik, Puri Mugirok eta Isabel Santestebanek, hartu dute parte. Era berean, Mari Jose Cortes, Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria, eta Manuel del Portillo, Foru Erkidegoko ONCEren ordezkaria, izan dira ekitaldian, NHBBZko kideak guztiak.

Proiektu honekin, lantalde sortzailearen helburu nagusia ikusmen urritasuna duten ikasleen erabateko eskola eta gizarte inklusioa lortzea izan da. Horretarako, NHBBZ zentroak ONCErekin batera jardun du lanean, bi erakundeen arteko elkarlan hitzarmen batekin.

2018 eta 2021 bitartean, zentro horretako profesionalek hainbat metodo kartilla sortu dituzte, beste baliabide osagarri batzuekin batera. Alabaina, eguneroko jardunean, NHBBZ euskaraz braillea irakurtzeko eta idazteko metodo berritzaile, inklusibo eta motibatzaile baten faltaz jabetu zen, eta behar horri erantzuteko anbizioz garatu du ‘Punttuka’.

Horretarako, proiektuaren aurkezpen prentsaurrekoan azaldu dutenez, ikusmen eta ukimenera irisgarriak diren irudi bidimentsionalak txertatu dituzte ‘Punttuka’-n, era horretan, ikusmen urritasuna duten pertsonen ulermen eta ukimen aktiboa garatzeko. Ildo honetatik, eta edukien ulergarritasuna hobetzeko xedez, objektu tridimentsioanak ere gehitu dituzte.

‘Punttuka’-ren beste berezitasunetako bat QR kodeen presentzia da. Kode hauek eskaneatuz, erabiltzaileak soinudun edukietara jo dezake; metodologia honen egileek garatutako abesti, bertso eta poemetara konkretuki. Horregatik, aurkezpenean goretsi dute ‘Punttuka’-k «tradizioa egungo teknologiekin» lantzen duela.

Baliabide linguistikoak

‘Punttuka’-k 34 kartilla ditu, eta horietan fonema guztiak, alderantzizko silabak, maiuskula zeinua, gaztelaniaren berezko fonemak, fonema bikoitzak eta puntuazio zeinuak lantzen dira.

Bestalde, ‘Punttuka’-ren hiztegia Nafarroako euskaran gehien erabiltzen diren berbak eta ikaskuntza ordena kontuan hartuta diseinatu dute. Gainera, braillearen berezitasunetan eta euskararen ezaugarrietan jarri dute azpimarra, 1993an Bilboko ikusmen urritasuna duten ikasleen hezkuntza inklusiorako baliabideen zentroak egindako lehen kartillan ezarritako irizpideak aintzat hartuz.

Baliabide osagarriak ere baditu, hala nola, QR kode baten bidez poesia liburu batera, eta hauen lokuzioetara, jotzeko aukera; ‘Punttuka’ taldearen YouTube kanalera sarbidea ahalbidetzen duen QR kodeak dituen dokumentua; eta silaba zuzen eta alderantzizkoak lantzeko zinta imantatuko bost bagoi dituen jostailuzko tren bat, kasu.

Material horrekin, «ikusmen urritasuna duten euskara hiztunei alfabetizazioa eta irakurketa zein idazketaren ikaskuntza hobetzen eta errazten zaie, metodo sekuentziatu, eguneratu eta testuinguru inklusiboetan, eta, ondorioz, hezkuntza inklusioaren beste urrats garrantzitsu bat da», ondorioztatu dute aurkezpen ekitaldian.