NAIZ

Euskalgintzak ere ‘Euskara Aurrera’ manifestazioan parte hartzera dei egin du

Asteburuan Iruñean eta Senperen milaka euskaltzalek kaleak hartu ondotik, euskararen herri gogoa badela eta egonen dela adierazten segitzera animatu dute euskalgintzako hainbat eragilek. Heldu den maiatzaren 21ean Donostian biltzeko deialdia egin dute, elkarrekin «urrats erraldoi bat» egiteko.

Euskalgintzako ordezkari ugari Donostiako Antiguako tunelaren ondoan elkartu da, maiatzaren 21ean toki beretik abiatuko den ‘Aurrera Euskara’ manifestazioarekin bat eginez.
Euskalgintzako ordezkari ugari Donostiako Antiguako tunelaren ondoan elkartu da, maiatzaren 21ean toki beretik abiatuko den ‘Aurrera Euskara’ manifestazioarekin bat eginez. (Jon URBE | FOKU)

Datorren maiatzaren 21ean, larunbatean, Donostian eginen den ‘Euskara Aurrera’ manifestazioak atxikimenduak jasotzen segitzen du. Astearte honetan euskalgintzaren txanda izan da. Arratsaldeko 17.30ean martxa aterako den toki berean, Antiguako tunelaren ondoan, elkartu dira hainbat ordezkari, tartean Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Lorea Agirre (Jakin), Alizia Iribarren (AEK) eta Laida Begiristain (Maizpide euskaltegia). Beren mezua zabaldu eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.

Iragan asteburuan milaka euskaltzalek Iruñeko kaleak eta Senpereko laku ertzak hartu zituztela oroitu dute. «Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonak» dira, «euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean ere egongo dela» adierazten dutenak, nabarmendu dutenez. Euskalgintzako eragileoi «euskalduntzeak bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna» uztartu behar dituela erakutsi die asteburuak.

Kimu berriak eta argi izpiak

Badakite euskarak «nahi baino zailtasun eta erronka gehiago» dituela: euskararen aurkako epai juridikoak areagotu dira, hizkuntza politikak ez dira iristen euskarak dituen erronkak betetzera, ezagutza unibertsala izateko urrats erabakigarriak falta dira... «Ezin dugu esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik. Euskara XXI. mendera bizirik heldu bada, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izan da. Etorkizunean euskarak aurrera egingo badu milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da», nabarmendu dute.

Bide horretan ikusten dute «kimu berririk eta argi izpirik»: euskalgintzak egunero herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du, inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena egin da, Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da...

«Bada, beraz, herri gogo nahikorik euskarak behar duen herri bultzadarako». Horretarako, ordea, «aurrerapauso bat eman behar dugu euskaltzale guztiok»: «Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko, euskara normalizatzeko, hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko, guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko, euskara herri kohesiorako zuntza izateko, finean Euskal Herri euskalduna izateko», aldarrikatu dute.