Jakina da Harlem Globetrottersek –HGT– «arima bikoitza» duela, jokoa, ikuskizuna eta lehiatik apur bat aparte, saskibaloia. Alabaina, azken baten saskibaloi talde bat ere bada. Zentzu horretan, jakina da duela urtebete inguru NBAri eskutitza bidali zion New Yorkeko taldeak HGT NBAko talde ofizial egiteko eskatuz.
«NBA maitea:
Gogoan dugu elkarrekin azkenekoz lehiatu ginen eguna: 1949. urtea zen. Urtebete lehenago orduko txapeldunari –Minneapolis– Lakersi irabazi genion eta urtebete geroago ere berdin. Kontu arraroa benetan, garai hartan jokalari beltzez osaturiko taldeek ez zutelako zurien kontra jokatzeko eskubiderik, debekatua baitzuten.
Baina NBAk AEBtan milaka zale batzeko galtzak bete lan zituen bitartean, guk mundu osoan estadioak jendez gainezka betetzen genuen. NBA handitu ahala, munduko jokalari beltz onenak bereganatu ditu. Ondo iruditzen zaigu, baina gogoan izan NBAren hastapenetan zeini esker hazi zen.
Ez gure hitzak txartzat hartu, faborez, lortu duzuena gauza ikaragarria dela deritzogulako. Baina izan gogoan gu gabe saskibaloia guri esker egin zela handi. Zuek 17 herrialdeetara iritsi zarete; gu, 122ra. Munduak ez zukeen James Naismithen berririk izango HGTri esker izan ez balitz. Saskibaloia guk barreiatu genuen munduan zehar.
Bada, ezin duzue jarraitu existituko ez bagina bezala. Bada garaia NBAk HGTren historiari omenaldia egiteko. Horrez gain, gure kideek badute NBAn aritzeko lain talentu. Hargatik, Adam Silver NBAko komisionatuari Harlem Globetrotters NBAko frankizia ofizial izateko eskatzen diogu. Orain. Barka, «orain ez, oraintxe bertan baino».
2021eko ekainean idatziriko eskutitza da hau. Pandemia dela-eta, 2020an eta 2021ean hainbat bira bertan behera laga behar izan ditu Harlem Globetrottersek. Dakigula, NBAk ez dio erantzun eskutitz honi, baina era berean, Munduari biraka jarraitzeko tenorea aurkitu du New Yorkeko taldeak. «Spread Game» («Jokoa Zabaldu») deritzon ikuskizun berriarekin.
«Urtebete barrena lur jota pasa genuen. Pandemiak jota laga gintuen eta zinez asko kosta zitzaigun buelta ematea. Baina hemen gara berriz. Oso gogotsu ikusleei ikuskizun eder bat eskaintzeko. Ez dakizu nolako ilusioa ematen digun berriz ere munduari biraka jartzea!» 36 urte ditu, baina edonork esango luke. «Flip» White da, Harlem Globetrotters –HGT– taldeko kidea, hedabide honi elkarrizketatxo bat eskainita.
2016an eta 2018an Miribillako Bilbao Arena bisitatu zuen Harlem Globetrottersek eta asteazken honetan, Bilboko Casilla kiroldegira iritsiko da, 19.00etatik aurrera. «Ikuskizuna oso ezberdina da 2016an edo 2018an egin genuenetik konparatzen badugu. Horrek esan nahi du asko eta gogor entrenatu behar dugula, ikuskizuna behar bezalakoa atera dakigun», dio Whitek.
Bilbora «Tour» bete betean iritsiko da HGT, hilaren 7an Vigon ekin zionetik, hilaren 16an Jaenen amaitu arte. Bilbora iritsi aurretik, Vigo, Madril, Valladolid eta Xixon bisitatu ditu New Yorkeko taldeak, eta Casillatik ostera egin ondoren, Zaragoza, Murtzia, Alacant, Bartzelona eta Jaenen zehar pasako da.
«Ez dago beste sekreturik gogor eta asko entrenatzea baino», dio «Flip» Whitek. 1,83 metro inguru neurtzen ditu baina bere jauziek, 36 urte beteta izanagatik, oraindik ere zaleak txunditzen dituzte. Hain justu, «American Ninja Warrior» telebistako saioan ere pare bat aldiz parte hartu du «ariketa fisikoaren fanatiko» dela onartzen duen gizon honek.
«Beteranook pandemiaren geldialdi honekin latzak pasa genituen, ohituta gaudelako batera eta bestera mugitzen. Saskibaloian jokatzea gustatzen zaidan bezala, gure trikimailuekin jendeari irribarrea ateratzeak ez dauka preziorik», onartzen du.
Bere garaian "Gerra Hotzak" ezarritako mugak hausteko gai izan zen HGT. Hargatik, 122 herrialde ezagutu ditu eta milaka kilometro egin ditu 26.000 partida baino gehiago jokatzeko. Beti jokoa zabaltzeko intentzioarekin.