NAIZ

Hilean 85 euroko muga ezarriko da Bilbotik Gasteizerako autobideko bidesarian, urritik aurrera

Urriaren 1etik aurrera Interbiak-en erregistratuta daudenek hilean 34,55 euroko gastu espezifikoaren muga baliatu ahal izango dute AP-68 autobidean, Bizkaian, eta 50,54 eurokoa hilean, Arabako zatia erabiltzen badute.

AP-68 autobideko ordainlekua, Laudion.
AP-68 autobideko ordainlekua, Laudion. (Juanan RUIZ | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak AP-68 autobideko ibilbideak diruz lagunduko ditu 2022ko urriaren 1etik aurrera, hileko gastu muga bat ezarrita. Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak iragarri duenez, datorren astean hasiko dira AP-68ko ibilbideetara mugatuko den diru-laguntzen dekretua izapidetzen, eta AP-8rako, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbiderako eta Artxandako tuneletarako dagoen gastu mugatik independentea izango da.

«AP-68 autobidean gastu muga ezartzea errealitatea izango da. Urriaren 1etik aurrera, alta emanda daudenek eta Interbiak-en erregistratzen direnek hilean 34,55 euroko gastu muga baliatu ahal izango dute AP-68 autobidean, Bizkaian, eta 50,54 eurokoa hilean, Arabako tartea erabiltzen badute», zehaztu du Pradalesek.

Neurri horrek eragin zuzena izango du AP-68 autobidea joan-etorrietan lanerako, ikasketetarako eta abarretarako erabiltzen duten pertsonen poltsikoetan. Adibidez, Pradalesek azaldu duenez, Gasteizen lan egin eta Bilbon bizi den norbaitek 253 euro ordaintzen ditu hilean, eta neurri horrekin 85 euro gastatuko ditu. «Kasu horretan, 2.000 euro inguru aurreztuko dira urtean», nabarmendu du

Aldundiaren arabera, gastu mugaren araberako diru-laguntzen urteko zenbatekoa 5 milioi eurokoa izango da, eta diru-laguntzak Bizkaian bizi diren 18.000 erabiltzailerentzat izan daitezke.

Betekizunak egungo gastu mugarako berberak dira: Bizkaian bizi eta pertsona fisikoa izatea, bidesariak ordaintzeko OBE edo VIA-T bat izatea eta matrikula bakar bati lotuta edukitzea. Gainera, joan-etorri mistotzat jotzeko eta Arabako tarteak barne hartzen duen gastu mugaz baliatzeko, bidaiak Bizkaian izan behar du jatorria edo helmuga.

Sisteman alta emateka, bai Interbiak-eko bulegoetara joan daiteke, bai bide telematikoz, www.interbiak.bizkaia.eus helbidean. Puntu horretan, diputatuak argitu du bere garaian Interbiaken alta eman zuten pertsonak, AP8, Supersur eta Artxandako Tuneletan gastu muga baliatu ahal izateko, ez direla berriro erregistratu behar, eta automatikoki alta emango zaiela AP-68rako gastu muga berrian.