Gipuzkoako Arizmendi fauna basatia berreskuratzeko zentroan aurkitu den hegazti gripearen agerraldiak instalazioak ixtera behartu du aste honetan. Gertuko iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez, antza denez, Urnietako egoitzara eraman zuten putre ale batean antzeman zuten agerraldia.
Egoitza horrek hilabete batzuk zeramatzan martxan, inaugurazio ofizialaren zain. Ixteko unean, eguneko eta gaueko hainbat harrapari eta zangaluzeren bat zegoen geletan.
Arizmendiko instalazio berriak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren mende daude, eta zaharkituta geratu zen Arrano Etxea zentroa ordezkatu zuen.
Iparralde
2021aren amaieran Estatu frantsesean hasi zen hegazti gripearen ondorioz 16 milioi ahate hil dituzte jada. Birusa oso kutsakorra denez, Europa osoan zabaltzen hasi da eta neurriak hartu nahi dituzte foku gehiago ez izateko.
Ipar Euskal Herrira ere iritsi zen birusa eta ahate ugari hil zituzten; laborariek kabalak hiltzea ez dela irtenbidea kritikatu zuten eta protesta ugari egin dituzte dagoeneko.
Hego Euskal Herrian neurriak hartzen hasi ziren bertako hegaztiei eragitea ekiditeko, baina badirudi gripea heldu dela.