Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Irabazteko ilusiorekin eta beharrarekin doa Eibar Leganesera

Igotzeko aukera bere esku mantentzeko, Valladolidek bi ordu lehenago Ponferradinaren kontra lortzen duen emaitza berdindu behar dute armaginek gutxienez.

Aurreko asteko disgustoari buelta eman nahi dio Eibarrek.
Aurreko asteko disgustoari buelta eman nahi dio Eibarrek. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Valladoliden kontrako porrotak kontuak zatartu zituen baina Eibarrek bere esku dauka oraindik Lehen Mailara itzultzea. Horrek, «39 jardunaldi jokatu ondoren hain aurkari handien gainetik egoteak» eta «taldeak egunero nola entrenatzen duen ikusteak» lasaitasuna ematen dio Gaizka Garitanori Ligako azken txanpari «sekulako ilusioaz» aurre egiteko.

Hori da mezua larunbat honetan Leganes (21.00, Movistar+) bisitatu aurretik. Baina ilusioa ez da ziurtasunaren sinonimoa eta entrenatzaileak berak gogoratzen du helburu bati eusteak «prozesu» bat daramala. «Nik hasieratik esan nuen oso zaila dela. Hor gaude, aukerekin eta gure esku dago. Baina azken egunean amaituko da, Alcorconen, eta agian azken minutuan», esan du. Eta «aurkariek ezustekorik emango ez dutela eta puntu asko pilatuko dutela» espero duenez, argi dauka Eibarrek orain arteko ibilbideari eutsi soilik ez, «martxa bat gehiago jarri ere» beharko duela. Baina erronka horren aurrean ez du larritasunik nahi, «ilusioa» baizik. «Ez daukagu edalontzia erdi hutsik ikusteko inolako motiborik. Zaila da, noski, baina oso helburu polita lortzeko borrokatzen ari gara, denboraldi historikoa izaten ari da, inoiz ez ditugu hainbeste partida irabazi Bigarren Mailan, hainbeste gol sartu… Ezin dugu itxaropena galdu aurkari handi baten kontra partida bat galtzeagatik. Nere inguruan ez dut ikusten inor ilusioa ez duenik, helburu historiko bat lortzeko ilusioa daukagu. Eta horretarako lasaitasuna mantendu behar dugu, ondo lehiatu eta disfrutatu, prozesuan ere disfrutatu behar baita».

Baina ilusioa ez epeltzeko, irabazteko beharra ere badauka Eibarrek Butarquen. Edo, gutxienez, Valladolidek bi ordu lehenago Ponferradinaren kontra lortzen duen emaitza errepikatu behar du sailkapenean aurretik jarraitzeko eta, beraz, igotzeko aukera bere esku mantentzeko gainontzekoei begiratu barik. Taldea zelairatzen denean «agian hirugarren postuan egon» daitekeela onartu du Garitanok baina ez dio larregizko garrantzirik eman, «gure helburua bera izango delako. Ez daukagu zertan urduritu behar, afaldu barik, Almeriak zer egiten duen begiratzen edo bihar Valladolidek. Irabazten badute, gu ere irabaztera irtengo gara eta galtzen badute zer? Zertara irtego gara? Irabaztera, berdin berdin. Gu gurean konzentratu behar gara».

Aurkariaren egoerari ere ez dio erreparatu nahi entrenatzaile armaginak. Leganesek amaitutzat eman dezake denboraldia, dagoeneko ez baitaukoa play-offa jokatzeko aukerarik ez eta jaisteko arriskurik, «baina futbola asko aldatu da azken urteotan. Lehen esaldi hori esaten zena “ez daukate ezer jokoan”, zelaian ikusten zen. Gaur egun ez duzu nabaritzen, talde guztiek daukate zer edo zer jokoan. Denboraldia ondo amaitu, Leganesen kasuan denek nahiko dute han jarraitu… Partidak ikusi eta taula erdikoek dena ematen jarraitzen dutela ikusten da». Talde madrildarra, gainera, aurkari «gogorra da. Nahiz eta goian ez egon, hor egoteko egindako taldea da. Eta azken aldi honetan ondo dabil. Jokalariak begiratzen hasten bazara ere, oso talde ona dauka. Ez da izango erraza».

Ez dira espero aldaketa handirik partidari aurre egiteko. Eibarrek ez du deialdia zabaldu baina Garitanok azaldu duenez, Venanciok ondo entrenatu du eta, gutxienez, bidaiatzeko prest egongo da. Franchuk, berriz, molestia batzu nabaritu ditu aste honetan eta etxean geratuko da Arbillarekin batera. Venancioren errekuperazioa osoa bada, bere presentzia litzateke berritasun bakarra hasierako hamaikakoan, Burgos ordezkatuz.

Mehdi Naftik arrazoia eman dio Garitanori, bere tadeak «Eibar irabazteko eskuan daukagun guztia egingo» duela aurreratuz. «Talde top bat dator eta eskatzen duen mailari eutsi ahal diogun jakin nahi dugu», esan du. Are gehiago, bere esanetan, Leganesek «Eibarrek baino gehiago dauka jokoan. Hozkailua betetzea daukagu jokoan eta nire mutilek badakite. Gure familien ogia beste talde baten igoera baino garrantzitsuagoa da. Eibar hor badago, merezi duelako da. Baina guk eurek baino gehiago daukagu jokoan».

LEGANES
Hasierako hamaikakoa: Dani Jimenez; Palencia, Sergio Gonzalez, Bustinza, Javi Hernandez; Eraso, Cisse; Rober Ibañez, Pardo, Arnaiz; eta Bautista.
Bajak: Recio, Qasmi, Nyom eta Omeruo.

EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Cantero; Tejero, Burgos edo Venancio, Chema, Toño; Javi Muñoz, Sergio; Corpas, Exposito, Stoichkov; eta Llorente.
Bajak: Arbilla eta Franchu.

Epailea: Hernandez Maeso (Extremadura).
Zelaia: Butarque.
Ordua: 21.00 (Movistar+).