NAIZ

Udalerri euskaldun guztiak UEMAra elkartzeko deia egin dute Udalerri Euskaldunen Egunean

Udalerri euskaldun guztiak UEMAra elkartzeko deia egin dute Seguran ospatu den Udalerri Euskaldunen Egunean, indarrak batzeko eta euskararen lurgunea sendotzeko.

Seguran izan da Udalerri Euskaldunen Eguna.
Seguran izan da Udalerri Euskaldunen Eguna. (Idoia ZABALETA)

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu da larunbat honetan Seguran, festa eta aldarrikapena uztartuz. Goizean UEMAren batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, eta eguerdian ekitaldi instituzionala ere izan da herriko plazan, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin.

Horien babesarekin deialdi argia egin du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: «Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko bidegurutzean, erdaren erauntsipean, udalerri euskaldunei sendo eusteko eta euskararen lurgunea zabaltzeko garaia da, beranduegi izan baino lehen. Horretarako ezinbestekoa da indarrak batzea eta, beraz, eskaera zehatza egiten diegu Aturritik Ebroraino Euskal Herrian dauden udalerri euskaldun guztiei, UEMAko kide izan daitezen».

Izan ere, UEMAko lehendakariaren esanetan, eta udalerri euskaldunak herri honen etorkizunerako giltzarria dira. «Etorkizun hori euskalduna eta sendoa izan dadin lanean ari gara aspaldidanik, eta gero eta zabalagoa da elkarlana, bai euskalgintzarekin, eta baita gainerako erakunde publikoekin ere».

«UEMA bera ere sendotuz doa. 31 urte bete berri dira lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zutenetik Aizarnazabalen. Egun hartan, 19 udalen artean UEMA sortu zuten. Gaur egun, berriz, 94 udal dira UEMAko kide, eta guztien artean, 275.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu», adierazi du, eta urte hauetan egindako lana azpimarratu du, eta aitzindarien ekarpena gogoratu du, Iñaki Arregi eta Karmele Aierbe nabarmenduz.

Udalerri euskaldunetan euskara oasuntsu dagoen arren, hainbat arlotan zabaldu diren arrakalak eta euskararen biziberritzeak dituen erronkak ere aipatu ditu Lazkanok: «Aisialdian, ikus-entzunezkoetan, hedabideetan, lan-munduan, sarean, teknologia berrietan eta abar, arrakala handia zabaldu zaigu. Izan ere, erdaren erauntsia etenik gabea da. Handia, eta hortik ari dira edaten gure herritarrak. Ezinbestean, beraz, erronka berriei herri bezala erantzun behar diegu».

Horretarako, eta indarrak batzea ezinbestekoa dela iritzita, deialdi «sendoa eta zehatza» egin die Euskal Herriko udalerriei.