NAIZ

Estrategia demografikoan euskara txertatzeko ekarpenak egin dizkio UEMAk Legebiltzarrari

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hizkuntza politikaren «giltzarritzat» du estrategia demografikoa. Horregatik, bertan euskararen normalizazioarekin lotutako neurriak txertatzeko zenbait ekarpen egin dizkio Gasteizko Legebiltzarrari, asteazken honetan osoko bilkura eginen baitu gai honen gainean.

UEMA Eguna ospatu zen Seguran, joan den ostiralean, maiatzak 13.
UEMA Eguna ospatu zen Seguran, joan den ostiralean, maiatzak 13. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrak estrategia demografikoari buruzko osoko bilkura eginen du asteazkenean eta, Lakuak aurkeztutako lan dokumentua oinarritzat hartuta, zenbait ekarpen egin ditu UEMAk. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen arabera, hizkuntza politikaren ikuspegitik ere «giltzarria» da estrategia demografikoa eta lan ildoetan euskararen normalizazioarekin lotutako neurriak txertatu behar dira.

Estrategiaren zimendu izanen diren oinarri batzuk zehazten ditu Gobernuaren lan dokumentuak: eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero ikuspegia, aniztasuna, erantzunkidetasuna, adinekoen eskubideak eta gazteen emantzipazioa. Ez da euskararen normalizazioa agertzen eta, UEMAk aldarrikatu duenez, «ezinbestekoa da aipatzea».

Beraz, oinarrietan honako hau txertatzea proposatu du: «Euskararen normalizazioaren ikuspegia. Estrategia honetan jasotako neurriek kontuan izango dute euskararen normalizazioa. Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea. Arreta berezia jarriko da arnasguneetako garapen endogenoa sustatzean».

Gazteak errotzeko laguntzak

Lan dokumentuak proposatzen duen jarduera planaren zati bakoitzean ekarpen zehatzak egin ditu UEMAk. Jarduera planaren lehen zatian, epe laburrerako inpaktua lortzea helburu duenean, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu ditu.

Jarduera planaren bigarren zatian, berriz, ibilbide luzeko eraginari dagozkion neurrietan, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak UEMArentzat, baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere, migratzaileei harrerarekin euskara eskaintzearekin batera.

Jarduera planaren hirugarren zatian, zeharkako ildoei dagokienean, hiru proposamen egin ditu mankomunitateak: landa ingurunean herri horietako biztanleak bertan gera daitezen neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko tresnen eta prospekzio azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea ere txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, baliabide gutxien duten herrietan arreta berezia jartzeko.

Zeharkakotasuna eta lankidetza oinarri

UEMArentzat, erronka demografikoari erantzuteko ezinbestekoak dira bi oinarri: batetik, zeharkakotasuna, «har daitezkeen neurriek beste eremu batzuetan eragin dezaketelako, euskararen kasuan, esaterako, egoera soziolinguistikoan»; bestetik, eragile guztien arteko lankidetza eta koordinazioa.

Mankomunitatearen ustez, «hizkuntza politikan pauso handiak eman dira urteotan, baina agerian geratu da ebidentzia bat: hizkuntza politika ez da berariazko politikekin egiten, eta beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten diote euskararen egoerari».

Horregatik, UEMAk «ezinbesteko» ikusten du estrategia demografiko honetan ere kontuan izatea euskararen indarberritzea, eta bereziki aintzat hartzea udalerri euskaldunen egoera, haien garrantzia eta zaurgarritasuna ikusita. «Estrategia honetan soilik ez, udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori», dio UEMAren ekarpenak.