NAIZ

Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin diete «era guztietako entitateei»

Ariguneak edo «euskaraz lasai aritzeko guneak» sortzea izango da entitateek Euskaraldiaren hirugarren edizioan izango duten erronka nagusia. Asteazken honetan Gasteizen egindako agerraldian, gonbita luzatu diete «era guztietako» enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub edo talde antolatuei.

Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin diete «era guztietako entitateei» Euskaraldiaren antolatzaileek. Aurtengo udazkenean egingo den ekimenaren hirugarren edizioak, berriro ere, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da.

2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta berauen funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da.

Gaurtik aurrera zabalik dago entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera. Euskaraldiko antolatzaileek eta aurreko edizioan ariguneak sortu zituzten zenbait eragilek, gaur goizean, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu dute entitateen izen-ematearen irekiera. Bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute webgunearen bitartez eta lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko. 

Ariguneek «hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia» azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek.

Hirugarren edizioan ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezazkietela beraien buruei. «Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea».

Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaileak, «aurreko edizioan izandako baldintza zailen ondoren, kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera» egonen dela nabarmendu du. Era berean, Bingen Zupiriak, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, «bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen erara, pausoz pauso» parte hartu dezala adierazi du.

Beatriz Meabe, Oreka IT enpresako ordezkaria, izan da aurreko edizioan parte hartu eta gaurko agerraldian egon denetako bat: «Jende berri asko sartu da Oreka ITn eta Euskaraldiak lagundu digu euskara nork dakien identifikatzeko, eta euskaldunak izan arren euskaraz egiteko ohiturarik ez zutenek ohiturak aldatzen laguntzeko», baieztatu du.

Bide beretik aritu da Aritz Galarza, Gaztedi Rugby Taldeko ordezkaria: «Taldean beti euskararen aldeko borondatea egon bada ere eta euskara sustatzen eta zabaltzen aritu den jendea egon arren, gure hizkuntzaren aldeko jarduna klubaren antolaketan bertan txertatu beharra zegoen. Gaur egun, bai barrura zein kanpora begira, euskara da klubak duen komunikatzeko hizkuntzetako bat ia beti». Horrelako praktikak entitate gehiagotara zabaltzea izango da, beraz, Euskaraldiaren jomuga nagusietako bat.