‘Esaten ez den guztian’ narrazio bilduman Izaskun Etxeberria Zufiaurrek trena lotura duten hainbat pertsonaien bizipenak, esan ezinezkoak, lotsak eta desioak bildu ditu. Bere lehenengo liburua den honetan, trenbideak batu eta sakabanatzen dituen maila sozial, jatorri eta adin anitzetako pertsonen joan-etorriak dira protagonista.
Ehun urte horietan jazotako gertaera historikoak eta aldaketak ere jasotzen ditu liburuak. Idazleak berak zehaztu duenez, 1908tik 2010era arteko istorioek osatzen dute liburuak. «Hasieran trenak garrantzia handia du, baina denboran aurrera joan ahala, indar hori errepideak bereganatzen du».
Joan-etorrian pertsonaia batzuk galdu egiten dira, eta beste batzuk berriz agertzen dira. Liburuaren bigarren erdian ‘Eserlekuak’, aurreko narrazioetan agertutako emakume bat protagonista bihurtzen da, idazlearen hitzetan, «bere bizitza markatu duten» eserlerlekuetan, errelato «intimoago» bat osatuz.
Eserlekuak, maletak eta trenarekin zerikusia duten elementuak hamar istorioek amankomunean duten metaforak dira. Jose Angel Irigarai idazleak liburuaren aurkezpenean nabarmendu duenez, bizitzaren joan-etorrien metafora den trenaz gain, «oso lotura finez jositako bilduma da, lana eleberri baten izaerara gerturatzen duen ezaugarria».
Liburuaren aurkezpenean, Etxeberriak Polloeko kanposantuan aurkitu berri diren 17 milizianoak ekarri ditu gogora. Izan ere, liburuan fikiziozko istorioak biltzen diren arren, «errealitatetik eta memoriatik ere badu», esan du. Hain zuzen, lanean aipatzen den Eloi Zufiaurre, bere aitona zenaren anaia, Donostiako kanposantuan aurkitutako haietako bat da.
Tere Irastortza idazleak kaleidoskopio batekin alderatu du ‘Esaten ez den guztian’. «Puzzlearen pieza guztiak irudikatu ditu Izaskun Etxebarriak, eta orain irakurleoi dagokigu hauei noratza bat ematea», adierazi du. Bide batez, Altsasuko idazleak hainbatek esan ez dutenari buruzko ekarpen «ikusgarria» sortu duela azpimarratu du.
Irastortzak, gainera, narrazioen aniztasun linguistikoa nabarmendu du. Izan ere, hitanoa eta erdara txertatu ditu Etxebarriak: «Gure herria hizkuntza asko erabili duten pertsonek habitatu dute, eta hau liburu honetan islatzen da».
Liburuaren Edizioa Pamiela Etxearena da eta azalaren irudia sortzaileak berak Altsasun ateratakoa da.