NAIZ

Larunbat honetan jokatuko da Beteranoen XI. Kontxako Estropada

Kontxako badian 16.30etan 12 taldek hartuko dute parte eta hiru txandatan banatuko dira. Orotara, 3.500 metro bete beharko dituzte eta 875 metroko lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte. Sari banaketa ofiziala Pio Baroja kiroldegian burutuko da estropadaren ostean.

Beteranoen XI. Kontxako banderaren aurkezpeneko argazkia.
Beteranoen XI. Kontxako banderaren aurkezpeneko argazkia. (FORTUNA K.E.)

Beteranoen XI. Kontxako Estropada larunbat honetan, hilaren 21ean, jokatuko da 16.30etatik aurrera Kontxako badian. Orotara 12 traineruk parte hartuko dute –Ligako 11 eta gonbidatu bat– hiru txandatan banatuta.

Donostiako Udaletxeko terrazan aurkeztu da ostegun honetan Beteranoen XI. Kontxako Estropada. Ekitaldian Eneko Goia Donostiako alkatea, Carlos del Rio Fortuna Kirol Elkarteko lehendakariordea, Iñaki Otxoa de Eribe Fortuna Kirol elkarteko arraun ataleko arduraduna eta Urko Hernández Fortuna Kirol Elkarteko traineruko patroiak hartu dute parte.

Arraunlariek 3.500 metroko distantzia bete beharko dute, 875 metroko lau luze eta hiru ziabogarekin. Delegatuen bilera 15.00etan izango da eta bilera horretan zozketatuko dira kaleak, nahiz eta txandak dagoeneko finkatuta dauden.

Hala, aurreneko txandan Sestao eta Mundaka aterako dira eta handik minutu batera, «Liga Mixtoa» –hau da, Plentzia, Iberia, Badok 13, Bilbao, Zumaia, Pontejos eta Getxoko bina arraunlarik osatuko dute trainerua– eta Ibaialde abiatuko dira.

Aurreneko txandako taldeek emaitu eta bost minutu beranduago bigarren txandako traineruek hartuko dute parte: Zumaia eta Bilbo abiatuko dira lehenik eta Pontejos eta Plentzia jarriko dira bidean minutu bat beranduago.

Hauel amaitzen dutelanean, berriz ere bost minutuko atsedenaren ostean jarriko da martxan hirugarren eta azken txanda. Lehenbizi, Fortuna eta Getxo abiatuyko dira, eta minutu bat geroago, Badok 13 eta Iberia.

Irabazlearen bandera Fortuna Kirol Elkartearen ontzian bertan banatuko da, nahiz eta sari banaketa bera Pio Baroja kiroldegian burutuko dute.