NAIZ

EH Bilduk Euskotrenen Boluetako geltoki zaharra tranbiaren terminal gisa egokitzea eskatu du

Euskotrenen Boluetako geltoki zaharra Bilboko tranbiaren geltoki terminal gisa egokitzea eskatuko du EH Bilduk. Helburua Metro Bilbaorekiko intermodalitatea bermatzea eta auzoaren goiko alderako irisgarritasuna hobetzea da.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzia Bilbon.
Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzia Bilbon. (EH Bildu)

Maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatzeko mozio baten bidez, EH Bilduk Euskal Trenbide Sareari (ETS) eskatu dio azterketa bat egin dezala Euskotrenen Boluetako geltoki zaharra Bilboko tranbiaren geltoki terminal gisa egokitzeko, Bilboko metroarekiko intermodalitatea bermatzeko eta auzoaren goiko alderako irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Atxuri eta Bolueta arteko tranbiaren luzapena martxoaren 25ean hasi zen martxan. Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziaren ustez, «deigarria da trazadura berriak, Mirafloresko tunelaren irteeran Abusu ikastolaren ondoan dagoen eraikuntza berriko geltoki bat duen arren, Euskotrenek Boluetan duen geltokia aprobetxatzen ez duela».

Zubizarretaren arabera, horrek hiriarentzat «funtsezkoa den mugikortasun-azpiegitura bat uztea dakar»; izan ere, geltoki horrek «erabateko intermodalitatea ahalbidetzen du, metroarekin zuzenean lotuta baitago».

«Era berean, irisgarritasun unibertsala bermatzen du, bi igogailu baititu, Bolueta auzoaren goiko aldera zuzenean heltzen direnak, eta egungo ibilbidea Telleria kalearen bidez egin behar izatea saihesten dutenak», gaineratu du.

Ildo beretik, Boluetako Eusko Tren geltoki zaharrak tranbiaren erabiltzaileei prestazio hobeak eskain diezazkiekeela azaldu du, Boluetako tranbiaren geltoki berriak baino azpiegitura eta funtzionalitate hobeak baititu. «Geltoki berria trazaduraren ibilbidearen amaieran dauden bi markesina txikiz osatuta dago, eta euria eginez gero, atari zabalean utziko lituzkete zerbitzuaren erabiltzaileak», gaineratu du.

Horregatik, Zubizarretak nabarmendu du EH Bildurentzat «funtsezkoa» dela Bilborako mugikortasun azpiegitura hori berreskuratzea. «Horrela, alde batetik, gaur egun abandonatuta eta erabilerarik gabe dagoen eremu bat leheneratuko litzateke, mantentze-lanik ez duelako; eta, bestetik, Bilboko tranbiaren erabiltzaileentzako zerbitzua hobetuko litzateke», azpimarratu du.