NAIZ

«Estaturik gabekoen ahotsa» entzunarazi nahi du hautagaitza eusko-katalanak

Ekainean iraganen diren hauteskunde legegileetarako hautagaien izenak emateko epea amaituta, Euskal Herria Bai mugimenduak eta RPS federazioak atzerrian bizi diren frantses hautesleei dagokien bosgarren barrutian hautagaitza eusko-katalana eratu dutela baieztatu dute gaur.

Garbiñe Eraso, lehena eskuinetik, kantonamendu bozetan hautagai izan den Baionan.
Garbiñe Eraso, lehena eskuinetik, kantonamendu bozetan hautagai izan den Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Joan zen asteaz geroztik bolo-bolo zebilen informazioni baieztatu dute gaur, agiri amankomun baten bidez, Euskal Herria Baik eta Regions et Peuples Solidaires (RPS) federazioak.

L'independentek zabaldu zuen lehen aldiz hautagaitza horren berri eta, Catalunyako hedabideetan bereziki, oihartzun berezia ukan du albisteak.

Zehazki, Garbiñe Eraso EH Baiko kidea izanen da hautagai, eta ordezkoa Enric Balaguer.

Monako, espainiar Estatuan, Andorra eta Portugalen bizi diren hautesle frantsesek ahal dute botoa eman aipaturiko barrutian. Orotara atzerrian diren hautesleentzako 11 hautesbarruti badira ere zeresan handia eman du bosgarren barrutian aurreikusten den lehiak.

Emmanuel Macronek bultzaturiko Ensemble! hautagaitzaren izenean Manuel Valls lehen ministro ohi sozialista aurkeztuko da aipaturiko hautesbarrutian.

Hain zuzen gaur EH Baik eta RPS federazioak plazaratu duten agiri amankomunean bi eragileek argiki azaldu dute zertarako eratu duten hautagaitza eusko-katalana: «Estaturik gabekoen ahotsa entzunaraziko dugu Manuel Vallsen parean», iragarri dute.

EH Baik eta RPS federazioak salatu dutenez, «lehen ministro ohiak herritarrak hautetsontzietatik urruntzen dituzten praktika politikoetan gaitzesgarriena irudikatzen du».

«Emmanuel Macron eta LREMen sostengua jaso duen sozialista ohiaren hautagaitza herritarrendako probokazio hutsa» bada bi eragileen ustez.

Horren aurrean, RPS federazioaren izenpean aurkeztuko den hautagaitzaren xedeak azaldu dituzte. «Lurraldeen aldeko diskurtsoa entzunarazi nahi dugu ozenki, tokiko hizkuntzak eta preso politikoak sostengatuz», iragarri dute.

Esperientzia kulturala eta politikoa aintzat hartuta hautagaitza «mugaz gaindiko lurraldeen balioetan, ele aniztasunaren eta denen errespetuan» oinarrituko dela gaineratu dute.

«Atzerriko frantsesen bosgarren barrutiko bozkazaleei, alternatiba herritarra, demokratikoa eta europarra proposatzen diegu», azaldu dute Garbiñe Eraso eta Enric Balaguer zerrendaburu gisara hautatu dituen federazioak.