NAIZ

Beste Estatuetatik EAEra heldutakoen kopurua %13,3 gutxitu da 2021ean, %74 2019tik

Ikuspegik egindako azken txostenaren arabera, Estatu espainoletik kanpoko 253.038 lagun zeuden 2022ko urtarrilaren 1ean, hau da, urtebete lehenago baino 5.254 gehiago, eta horrek esan nahi du aurreko urtean baino %13,3 gutxiago iritsi direla, eta 2019an baino %73,4 gutxiago.

EAEko biztanle guztien %11,5 atzerriko herrialderen batean jaiotakoak dira.
EAEko biztanle guztien %11,5 atzerriko herrialderen batean jaiotakoak dira. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pandemiak eragin garbia izaten jarraitzen du EAEra iristen direnen artean. Estatu espainoletik kanpoko 253.038 lagun zeuden 2022ko urtarrilaren 1ean, hau da, urtebete lehenago baino 5.254 gehiago, eta horrek esan nahi du aurreko urtean baino %13,3 gutxiago iritsi direla, eta 2019an baino %73,4 gutxiago, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako 'Atzerritar jatorriko biztanleak EAEn 2021' izenburuko 'Begirada' argitalpenaren arabera.

EAEko biztanle guztien %11,5 beste herrialderen batean jaiotakoak dira. Herrialdeei dagokienez, Arabak du kopuru handiena (%13,5); ondoren, Gipuzkoak (%11,5) eta, azkenik, Bizkaiak (%10,9).

Jatorria kontuan hartuta, migrazio fluxuen geldialdiak ez du eragin bera izan jatorri guztietan: populazio horren %52 Latinoamerikako herrialderen batean jaioa da, eta atzetik dira magrebtarrak (%14,5) eta Europar Batasunekoak (%14,2). Hala, kanpoko jatorriko biztanle gehienek Marokokoak dira (29.701 lagun); ondoren Kolonbia dago (28.675), eta jarraian Nikaragua (15.070).

Horrela, bada, gaur egun EAEn bizi diren kanpoko jatorriko hiru lagunetik ia bat hiru herrialde horietako batean jaioa da (%29,0). Bilakaerari erreparatuz gero, Kolonbian (+1.499) jatorria duen populazioa izan da azken urtean gehien hazi dena, eta ondoren, Marokokoa (+1.253).

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2004. urtetik dihardu. Lakuaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta EHUri lotutako erakundea da, eta migrazio fluxuek EAEn duten eragina aztertzea, ezagutzea eta baloratzea du helburu.