«Artefaktua» hitza erabili dute Morau, Beñardo eta Mattinek ‘Ardo’ (Gaztelupeko Hotsak) disko-liburua definitzeko. «Ardofaktua» esamoldea ere eskapatu zaie gaur Donostian egin duten aurkezpenean. Argi dutena da ez dela azterketa enologikoa, ardoak garrantzia badu ere. Ardoa «aitzaki», horren atzean dauden pertsonei buruzko lana da. 30 urte luzez euren artean eta beste batzuekin landutako harremanen isla da.
Andoni Tolosa «Morau»-k adierazi duenez, ‘Ardo’ artefaktuarekin bi ilusio betetzea lortu dute. Alde batetik, diskoz, liburuaz eta ilustrazioz osaturiko lan bat sortzea, disko-liburua, alegia. Bestalde, euren izena daraman ardoa izatea. Hori ere lortu dute Eskuernagako Candido Besa upategiari esker.
Ardoari buruzko lana ez den arren, ardoak baduela presentzia garrantzitsua onartu dute, hitz hau ziento bat aldiz azaltzen baita. «Lana ez da ardoaz ari, baina ardozaleak gara. Ardoak konpartitzeko aukera ematen du. Besteekin egoteko abagunea da. Ez dugu ardoaren apologia egin, pertsonen apologia egin dugu», azaldu du. «Eguraldiaz edo trafikoaz egin genezake disko-liburu bat, baina ardoaz egin dugu», gaineratu du.
Ardoarekin bezala, prozesu luzea
‘Ardoa’ ekoizteko prozesua luzea izan dela onartu du Morauk. «Urrats asko behar izan ditugu, denbora asko», esan du. Ohikoa duen bezala, idatziz hasi zuen prozesua. «Oso gustura izan naiz idazten», azaldu du. Idazki horietatik, hamabi kanta bilakatu dira, prozesu propio bat bizi ondoren. Besteak poema bezala azaltzen dira liburuan.
Artefaktuaren prozesuan hurrengo urratsa Iñaki Martiarena ‘Mattin’-ekin harremanetan jartzea eta ilustrazioak egitea eskatu. Lan horretatik erakusketa bat egiteko materiala sortu da. Josu Landaren diseinuaren aportazioa ere nabarmendu dute. «Ez genuen disko bat eta kuadernillo bat nahi. Disko-liburua nahi genuen eta badugu».
Beñardo Goietxek azaldu duenez, musika alorreko lana 2020an hasi zuten, pandemiaren garaian, «ahal bezala». Egoera berezia bazen ere, motiko moduan egin dute lan. «Elkarlanean, urteetan egin dugun bezala», azaldu du.
Grabaketa abenduan egin zuten. Ereñozun egin behar zuten, baina uholdeak izan ziren. Azkenean, Azkarateko Mamia estudioan egin dute Jonan Ordorikarekin.
Disko «biluzia»
«Gustatzen zaigun estiloa» lortu dutela gaineratu du. Hau da, pop, folk eta rock. Beharbada, rockak beste lanetan baino pisu handiagoa duela onartu du. Diskoa «biluzia» bezala definitu du, bi gitarra eta ahotsak dira nagusi. «Beharbada beste lan batzuk baino sendoagoa da», gaineratu du.
Mattin ere lanean gustora ibili dela azaldu du. «Erronka polita nuen aurrean, ederra. Goxotasunez egindako lana da», azpimarratu du. Morauren enkargua jaso zuenean ardoaren inguruko lanekin zebilen dagoeneko, etiketak eta horrelakoekin. Horrek erreztu zuen prozesua. Hasiera batean, eskuz marraztu zuen, boligrafoz. Gero digitalean, baina beti soilik bi koloretan.
«Zaila da poesiari irudiak jartzea», onartu du. «Ez estropatzea zen helburu. Ekarpen bat egitea, umorearen bidetik adibidez», gaineratu du.
Marrazkiekin bideoklipa ere osatu dute. «Hori bai izan dela prozesua luzeagoa, ia ia fotogramaz fotograma ibili garelako».
Ilustrazio lan guztian mahastizainak gogoan izan dituela nabarmendu du Mattinek. «Eta ardoa bezala, poliki dastatu beharko genuke ere», eskatu du.
Moraurentzat Mattinek jauzi bat eman du estilismoan lan honekin. «Mattin helduago bat ikusten da, bai artistikoki bai gaiei buruz. Dramatismoa gehiago dauka», azaldu du.
Lan honekin bete duten bigarren ilusiori (ardoari) dagokionean, Eskuernagako Candido Besa gisako upategiek egiten duten lana goraipatu du Morauk. Bere izenarekin atera dituzten 200 botilak «Errioxa» deiturarekin daude. Etorkizunerako, bigarren ardo bati begira, «Arabako mahastiak» etiketa izatea espero duela nabarmendu du.
Prozesu honetan Arturo Villanuevak zuzentzen duen Biba Ardoak kooperatibako kideekin izandako harremana ere azpimarratu du Morauk. Ardoaren kultura sanoago baten alde eta mundua beste modu batera ulertzeko ahalegina botila bakoitzaren alde daudela nabarmendu du.
Ardo «bizi, sendoa, azkarra»
‘Morau eta Beñardo. Ardo’ etiketa daraman ardoa «bizia, sendoa, azkarra, basati xamarra, oso zuzena» bezala definitu dute. Beraien estiloaren antzera. «Erreserba eta kriantza ez da gure estiloa». Ardo gazteak, urtekoak, hau bezalakoa, nahiago dituzte.
Kantak, ardoa eta irudiak batera izateak ekitaldiak antolatzeko aukera zabalak irekitzen ditu. Dagoeneko kanta poteoa, ardo dastaketa soila, ardo dastaketa eta kantak, erakusketa eta kontzertua gisako formulak probatu dituzte. «Esperientzia polita izan da», onartu du Morauk.
Ekainaren 7ra begira Gasteizko Parral tabernan jendearen aurrean proiektua aurkeztuko dute eta badute beste hitzorduren bat, Elgetan esaterako. Dena den, uda pasata ekingo diote lana emanaldietan aurkezteko lanari. Printzipioz, irudiez lagunduriko ohiko emanaldiak egitea dute buruan. Baina ez dute baztertzen proiektuaren elementu desberdinak uztartzen dituzten formuletara jotzea.