NAIZ
Mexiko Hiria

435 milioiko isuna Mexikon Iberdrolako filial bati autohornikuntzako energia saltzeagatik

Mexikok Iberdrolaren filial bati 435 milioi euroko isuna ezarri dio legea urratuz autohornikuntzako energia saltzeagatik. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak zigorra «zuzena» dela adierazi du.

Iberdrolaren El Carmengo ziklo konbinatuko zentrala, Mexicon.
Iberdrolaren El Carmengo ziklo konbinatuko zentrala, Mexicon. (Europa Press)

Mexikoko Energia Arautzeko Batzordeak (CRE) 9.145 milioi pesoko (435 milioi euro inguru) isuna onartu du Iberdrola espainiar elektrizitatearen filiala den Iberdrola Energía Monterrey (IEM) enpresarentzat, autohornikuntza-eskemaren baitan ekoitzitako elektrizitatea saltzeagatik. Orain arte CREk ezarritako isunik altuena da.

Zehapena Nuevo Leon estatuan dagoen Pesqueriako zentralean sortutako energia 400 enpresa baino gehiagori saltzeari buruzkoa da. Erresoluzioaren arabera, enpresaren «jokabidea larria izan zela ondorioztatzen da; izan ere, jakinda legeak baimendutako kasuetaz aparte behartuta dagoela kapazitate edo energia elektrikoa ez saltzera, birsaltzera edo besterentzera inolako tituluren truke, araua urratu zuen honek debekatutako jarduna garatuaz».

Lopez Obrador: «Zigorra zuzena da»

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak Mexikoko Energia Arautzeko Batzordeak Iberdrolako filialari ezarritako isuna zuzena dela azpimarratu du: «Bai, zuzena da, Mexiko ez baita konkista lurraldea». Lopez Obradorrek aitortu du ez zuela zigor horren berri CRE erakunde autonomoa delako. Hala ere, adierazi du informatuta dagoela atzerriko enpresek elektrizitatea sortzeko kontzesioez egiten duten erabilera okerraz, izan ere, bankuak eta enpresa handiak batu dituzte energia autohornikuntzako elkarte bateko kide izatearen itxurak egiteko, horrela ez denean.