NAIZ

Ukrainan kazetari frantses bat hil dutela baieztatu du Macronek

Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidenteak Frederic Leclerc-Imhoff bertako kazetariaren hilketa baieztatu du astelehen honetan. Zehaztu duenez, BFM TV katearentzat egiten zuen lan Ukrainako gerran, eta Armada errusiarraren metraila zati batek lepoan jo du.

Leclerc-Imhoff, lanean.
Leclerc-Imhoff, lanean. (Handout)

Kazetari frantses bat hil dute Ukrainako gerran. Emmanuel Macron presidente frantsesak baieztatu du berria. Frederic Leclerc-Imhoff zen bere izena eta BFM TV katearentzat ari zen lanean Errusiako Armadaren metraila puska batek lepoan jo duenean. Mugarik Gabeko Erreportariek (RSF) zehaztu dutenez, 32 urte zituen eta kameralaria zen.

«Familiaren pena partekatzen dut, Frederic Leclerc-Imhoff maite zutenena, bere lankideena. Doluminak eman nahi dizkiet. Lekuan bertan informazioa emateko misio zaila bermatzen dutenei Frantziaren baldintzarik gabeko laguntza erakutsi nahi diet berriro». Hala idatzi du Macronek bere Twitter kontuan.

Presidente frantsesak erantsi du Leclerc-Imhoff «gerraren errealitatea» erakusteko zegoela Ukrainian eta autobus humanitario batean zihoala bonba errusiarretatik ihes egitera behartutako zibilekin batera.

«Kolpe hilgarria jaso du», adierazi du.

Severodonetsk hirian, Luhanskeko eskualdean gertatu da erasoa eta bertako administrazio militarreko buruak, Serhiy Haidaik, jakinarazi du astelehen honetan erreportaria blindatutako ibilgailu batean zihoala inguruko hamar pertsona jasotzera eta errusiarren metrailen suak harrapatu duela.

Mugarik Gabeko Erreportarien salaketa

Mugarik Gabeko Erreportarien (RSF) arabera, erdi hutsik zihoan autobus baten aurrealdean zihoan kameralaria. Autobusak ongi ikusteko moduko kartel bat zeraman: ‘Convoy humanitarioa’. Baina, Christophe Deloire erakundeko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, hala ere eraso egin diote. Bi kide zituen lagun Leclerc-Imhoffek, Maxime Brandstaetter lankidea eta Oksana Leuta Ukrainako laguntzailea. Lehena arin zauritu da eta bigarrenak ez du minik hartu.

32 urteko gaztea gatazka honetan hildako bigarren kazetari frantsesa da. Pierre Zakrzewski Fox Newseko kamera, frantziar eta irlandar jatorrikoa, izan zen lehena. Orotara zortzi kazetari hil dituzte Ukrainian otsailaren 24tik.