NAIZ

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 44 bainu-eremuetan abiatu da udako denboraldia

Udako denboraldia gaur asteazkenean abiatu da ofizialki, ekainaren hasierarekin batera, Bizkaian, Gipuzkoan, bai eta Araban ere, horretarako sorospen zerbitzuak eta abar lanean hasi direlarik. Uraren kalitatea bikaina edo behintzat ona dela jakitera eman du Lakuako Gobernuak.

Euskal hondartzetan egun polita izan da gaurkoa. Irudian, Zarautz, aurreko denboraldian.
Euskal hondartzetan egun polita izan da gaurkoa. Irudian, Zarautz, aurreko denboraldian. (Gorka Rubio | Foku)
Uraren kalitatea bikaina da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako bainu-eremu gehienetan, zehazki 38 tokietan, eta ona 5etan, hondartzen denboraldiaren hasiera ofiziala dela-eta Osasun Sailak egin dituen analisien arabera. Ekainaren lehenengo egun honetan jarri da martxan udako jarduna, sorospen zerbitzuak eta bestelako azpiegitura gehienak barne.

EAEN 38 bainu-gune daude kostaldean, beste bost Arabako Uribarri-Ganboako urtegian eta bat Gipuzkoako Usako ibaian, Oñatin hain zuzen ere.

Horietako 38tan, analisiek baieztatu dute uraren kalitatea bikaina dela, eta 5etan ona. Sortu berri den eremuetako bat, Osasun Sailak zehaztu ez duena, kalifikatu gabe dago oraingoz.

Osasun Sailak azaldu duenez, analisi mikrobiologikorako laginak astero hartzen dira.

Bainu denboraldian zehar, uraren kalitatean unez uneko aldaketak gerta daitezkeela adierazi du, eguraldi txarra dela eta, eta gehienetan eurijasa handiak izaten direnean.

Honekin batera gogorarazi duenez, 2021 urtean detektatu zen puntualki Ostreopsis Spp (alga mikroskopiko bat, kontaktu bidezko azkura eta larruazaleko erupzioak eragin ditzakeena) Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat hondartzatan, seguruenik uraren tenperaturaren igoeraren ondorioz.