Frantxoa Larraburu da joan zen astelehenean Lakarrin gertaturiko parapente istripu baten ondorioz hil zen herritarra, kazeta.eus hedabideak gaur jakitera eman duenez.
Larraburuk 62 urte zituen eta erretreta hartu berria zuen. maiatzaren 30ean parapentea egiten ari zelarik 15 metroko zuhaitz batean blokeaturik gelditu zen eta bertan hil zen.
Suhiltzaileak, Dragon64 helikopteroa, Atharratze eta Aretteko anbulantziak osatu taldeak ahalegin handiak egin bazituzten ere, ez zuten lortu Larraburu bizirik ateratzerik.
Hendaiako kontu berezilari eta kontuen ikuskari bezala lan egin zuen. Izan ere, nehoiz ez zen Zuberoatik gehiegi urrundu. Herrialdeko kultur eta kirol jarduerak begiratuta «enbaxadore bat zela» nabarmendu du Dominique Hastoy bere lagunak.
Bere erranetan, Atharratzeko «abentura» guztietan parte hartu zuen zendutakoak, bereziki Pier-Paul Berzaitzen 1997ko ‘Atharratze Jauregia’ edota 2016ko ‘Jean Pitrau’ pastoraletan buru-belarri inplikatu zela.
Kultur, sozial eta kirol bizian arrunt inplikatua zen eta Mauleko SAM errugbi klubaren maitalea zen. «Xiberoa bere zentzu guzietan ezagutarazteko, kultura, natura edo mendia izan», adierazi zuen engaiamendua nabarmendu du Hastoyk.
Finean, enpresariak gogora ekarri nahi izan duenez, «bere lanari loturik, Frantxoa Larraburu Xiberoko enpresetako partaidea zen eta lurraldearen ehun ekonomikoarekiko begirada arretatsua zuen».