NAIZ

Gabi Daraspe urruñarra aske geratu da, baldintzapean

Gabi Daraspe urruñarra aske geratu da baldintzapean. Joan zen ostiralean atxilotu zuen Ertzaintzak Itziarren, 2018ko auzi batengatik sei hilabeteko espetxe zigorra betearazteko, eta Martutenen espetxeratu zuten. Epaia eteteko egindako eskaera onartuta atera da kartzelatik.

Gabi Daraspe urruñarra iragan ostiralean atzeman zuen Ertzaintzak Itziarren, ikasle greba batekin zerikusia zuen 2018ko auzi batengatik urte erdiko kartzela zigorra betearazteko. Horren ondotik, Martutenen espetxeratu zuten GKSko kidea, urte erdiko zigorra betetzeko.

‘Gedar’ kazetak berri eman duenez, asteazken arratsalde honetan aske geratu da baldintzapean. Darasperen defentsak 2018tik etenda zegoen epaia berriro eteteko eskatu zuen, eta eskaera onartuta atera da kartzelatik. Zigorrak bere horretan jarraitzen du eta, aipatu iturriaren arabera, oraindik beste bi auzi ditu zabalik lapurtarrak, biak bere jarduera politikoarekin lotutakoak. Haietako batean bost urteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre Daraspek; beste bost gazte ere auzipetuta daude.

Darasperen atxiloketaren ondotik Ipar Euskal Herriko GKSk mobilizazioa deitu zuen ostiral honetarako Baionan. Manifestazioari eutsi diote, urruñarraren «absoluzioa eta amnistia» aldarrikatzeko.