Jon Ormazabal

25 orduz ariko dira pilotan Villabonan inoizko maratoirik handienean, Aspanogiren alde

Behar Zana pilota klubaren 75. urteurreneko ospakizunen barruan, plazan jokatzen diren bote luzea, laxoa eta errebotea eta frontoi luzeko pala luzea ezik, gainontzeko euskal pilota modalitate guztietan ariko dira ostiraletik larunbatera.

Egitarau ezin oparoagoa antolatu dute Villabonan pilota maratoirako.
Egitarau ezin oparoagoa antolatu dute Villabonan pilota maratoirako. (Jon URBE | FOKU)

Pandemiak 75. urteurreneko ekitaldiak hankaz gora jarri bazituen ere, Villabonako Behar Zana elkarteko kideak ez dira halako efemeride batek behar duen ospakizunari muzin egiteko prest eta 76.enean ari dira prestatutako guztiari merezi duen zukua ateratzen. 1946. urtean sortu zen kluba, Euskal Herriko zaharrenetakoa izango da martxan eta asteburu honetan jaialdi benetan ikusgarri, desberdin eta historikoa antolatu dute; euskal pilota maratoi solidarioa.

Ostiral honetako arratsaldeko 18.00etatik aurrera, 25 orduz etengabean pilota hotsa entzungo da Villabonako Bear Zana pilotalekuan. Eta ez hori bakarrik; 12 pilota era baino gehiago ikusi ahalko dira bata bestearen atzetik, plazan jokatzen diren bote luzea, laxoa eta errebotea eta frontoi luzeko pala luzea ezik, gainerako euskal pilota modalitate guztietan ariko dira. Herriko pilota taldeko pilotariez gain, herritar pilota zaleek ere parte hartuko dute. Hala, goi mailako erremontista profesional eta neska palistez gaindi, Behar Zana elkarteko ia pilotari gehienak tartean izango dira, adin guztietakoak, gainera, 5 urteko umeetatik hasi eta 72 urteko pilotarietara izango baitira kantxan.

Egitarauari dagokionean, adimen urritasuna duten 4 pilotarik hasiko dute maratoia, ondoren gurpildun aulkietan jokatzen duten pilotariek hartuko dute txanda eta lehiaketa eta partida ofizialekin batera, xarea (Joxi Lopetegi-Ametsa), zesta punta (Mutriku-Beotibar), erremontea (Oriamendi enpresa), pasaka esku-larruz (Laxoa elkartea-Irurita), pasaka eskuz, joko garbia, paleta larruz, paleta motza, paleta goma, esku pilota...ikusiko da herriko frontoian.

Ekimen solidarioa

Guztiak, gainera, elkartasun izaera izango du. Sarrerarik kobratuko ez bada ere, pilotari guztiak borondatez ariko dira eta bertan jasotzen diren ekarpen guztiak ASPANOGI elkartearentzat izango dira. Honen harira esan beharra dago iazkoabuztuan klubeko pilotari baten arreba eta alaba hil zirela minbiziz eta haren amak, aitak eta bi anaiek jokatuko dutela azken partida, ekimen historiko honi amaiera dotore eta ezin hunkigarriagoa emanaz. Klubetik frontoira gerturatu eta ekarpenak egitera animatzen dituzte pilotazale guztiak, antolatutakoak benetan pena mereziko duela sinistuta.