Asier Robles

Langileen kontrako errepresioa salatu eta elkarretaratzea deitu dute Bilbon ekainaren 7an

Lan gatazketan parte hartzeagatik errepresio ekonomikoa edo judiziala jasan duten hainbat langilek beren egoera salatu dute eta Lakuako Gobernuari patronalaren alde lerrokatzea leporatu diote. Ekainaren 7an, 09.15ean, mobilizazioa deitu dute Bilboko epaitegien aurrean.

Errepresioa jasan duten langileen prentsaurrekoa.
Errepresioa jasan duten langileen prentsaurrekoa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bizkaiko metalgintzan, PCBn, Tubacexen, Petronorren edo Artiachen izandako lan gatazketan parte hartzeagatik inputatutako hainbat langilek agerraldia egin dute euren egoera salatzeko eta Lakuako Gobernuaren papera kritikatzeko.

Izan ere, joan den urtarrilean manifestu bat atera zuten, errepresioak eragindako langileen ezinegona jakinaraziz eta Lakuari patronalarekin bat ez egiteko eta langileen mobilizazioak eta grebarako eskubidea errespetatzeko eskatuz. «Baina zoritxarrez, ikusi dugu nola jarraitu den errezeta berarekin Alconza edo Artiacheko gatazketan, eta zigor ekonomikoak iristen jarraitzen duten Tubacex eta Petronorri dagokienez», deitoratu dute.

Urtarrilaren amaieran bilera bat izan zuten Laneko sailburuordearekin, baina langileek egoera horri buelta emateko borondate falta nabarmena ikusi zuten Lakuaren aldetik. Gainera, Segurtasun eta Herrizaingo Sailarekin biltzeko eskaerari dagokionez, ez zuten erantzunik jaso.

Egoerak hobera egin beharrean okerrera egin duela azpimarratu dute eta EAEko Gobernu taldeak «Mozal Legearen aurka adierazpen publikoak egiten dituen bitartean, borrokan ari diren langileen eskubideen aurka zakarki aplikatzen» dituela salatu dute.

Horregatik, horrelako jardueren aurka agertzeko beharra azpimarratu dute langileek: «Akatsa litzateke langileek euren gain hartzea beraien aurkako mehatxuak, isunak eta ekintza judizialak. Jarduteko modu horren helburua ez da soilik oraina oztopatzea, baizik eta hurrengo belaunaldiak zalantzazko etorkizun batera kondenatzea».

Testuinguru horretan, dei egin diete herritar guztiei ekainaren 7an, 09.15ean, Berroeta Aldamarreko (Bilbo) epaitegien aurrean deitu duten elkarretaratzean parte har dezaten, Aitor eta Arkaitz grebalarien aurkako akusazioak salatu eta Lakuari hauen baliogabetzea exigitzeko. Biak Bizkaiko metalgintzako hitzarmena lortzeko borrokan aritzeagatik daude auzipetuta, eta 23 hilabeteko zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.

Gainera, hainbat enpresatako 20 langilek baino gehiagok 100 eta 3.000 euro arteko isunak jaso dituztela gogorarazi dute.

«Jipoitutako, isuna jarri zaien edo inputatutako pertsona guztiek euren enplegua et lan baldintzak eta euren lankide guztienak defendatu dituzte. Borroka da langileek duten mekanismo bakarra inposaketari, prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko eta patronalen aurrean negoziazioan presio handiagoa izateko. Patronalak legeak ditu eta Gobernuak ere bai. Langileek borroka baino ez dute, tresna legitimo gisa, langile klasearentzako eskubideak defendatzeko eta konkistatzeko eta lege horien aldaketan eragin ahal izateko», adierazi dute langileek plazaratutako agiri berrian.

Manifestuak LAB, CCOO, ESK, CNT, CGT, HIRU eta Steilas sindikatuen atxikimendua izan du.

Bide batez, prekarietatea salatzeagatik epaituko dituzten gazteei babesa adierazi diete langileek eta Ernaik larunbatean 17.30ean Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin dute.