NAIZ

San Telmo museoak dohaintzan jaso du Amable Ariasen ‘Teatro Principal’ seriea

San Telmo Museoak dohaintzan jaso duen bilduma 61 akuarelez, arkatzez eta tintaz egindako 43 marrazkiz eta egileari eskainitako argazki-sortaz dago osatuta. Amable Ariasek bere amari Antzoki Zaharreko arropazaindegian lanean ari zela laguntzen zion garaikoak dira artelanak.

Maru Rizo dohaintzan eman dituen Amable Ariasen margoak erakusten.
Maru Rizo dohaintzan eman dituen Amable Ariasen margoak erakusten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Amable Arias (1927-1984) artistaren azken bikotekidea izan zen Maru Rizok dohaintzan eman dio Donostiako San Telmo museoari Gaur taldeko sortzaileetako bat izan zen margolariaren ‘Teatro Principal’ seriea, 61 akuarela eta arkatzez eta tintaz egindako 43 marrazkiz osatutakoa, argazki sorta batekin batera, kasu askotan Antzoki Zaharretik igarotzen ziren artistek eskuz idatzitako eskaintzarekin.

Mikel Lertxundi artearen historialariaren arabera, «Amable Ariasen serie honen dohaintza oso berezia da. Lehenik eta behin, artistaren multzo pertsonaletako bat da, Ascensio Martiarena hasierako maisuak emandako jarraibideak alde batera utzita egina. 1954 eta 1959 artean sortua da, bere amari, arropazaindegi zerbitzuaz arduratzen zenari, laguntzen zionean antzerkiarekin izan zuen harreman zuzenaren ondorioz».

Adituaren arabera, serieak antzerki espainiarraren eta XX. mendearen erdialdeko barietateen errebisten mundua berezi eta heterogeneo batera egindako hurbilketa biltzen du, eta udal eraikin horretan aritu ziren figura zehatzen nahiz margolariak zehaztasunez jaso zituen egoeren testigantza da. «Bere begien aurrean, aktoreak, dantzariak, bedeteak, komikoak eta musikariak igaro ziren, baina baita eszenatoki atzeko irudiak ere, egileak edo jantzi arduradunak bezala, eta guztiek bere interesa piztu zuten», aipatu du Lertxundik.

Gaia oso zehatza denez –udal kultur zerbitzu baten historiako aldi batekin zuzenean lotzen da–, bereziki interesgarria da bilduma hau San Telmo Museoan egotea. «Erakargarritasun handiko piezak dira, baina era berean istorio desberdinak kontatzen dituzte. Ia bakoitzak sentimendu baten oroitzapena dakar berarekin», adierazi du arte historialariak.

Dohaintza 2023ko erakusketa baten prestaketaren testuinguruan egin da, Mikel Lertxundik komisariatuko duena eta Dferia antzerki jaialdiaren baitan programatutako dena San Telmo Museoan. Erakusketa honi begira, gainera, museoak Antzoki Zaharraren historia labur bat egiteko enkargua egin dio Mikel Gurpegui kazetariari.