NAIZ

BPGa %5,7 hazi da EAEn aurtengo lehen hiruhilekoan, 2021ekoaren aldean

Eustatek emandako azken datuen arabera, BPG barne-produktu gordinak elkarren ondoko zazpi hiruhileko daramatza hazten EAEn. 2022ko lehen hiruhilekoan %1 hazi da aurrekoarekin alderatuz, eta %5,7 2021ekoaren aldean.

Sestaoko industrialdea.
Sestaoko industrialdea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EAEko barne-produktu gordina (BPG) %1,0 igo da 2022ko lehen hiruhilekoan, hiruhilekoen arteko terminoetan; hala, elkarren ondoko zazpi hiruhileko daramatza hazkuntzekin, Eustaten datuen arabera. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, urte arteko hazkuntza %5,7koa izan da.

Lurraldeetako BPGren bilakaerari dagokionez, 2022ko lehen hiruhilekoan, Arabak urte arteko %5,5eko hazkuntza izan du; Gipuzkoak, %5,6koa, eta Bizkaiak, %5,7koa.

%5,7ko hazkuntza hau –urte arteko terminoetan– Europar Batasunerako, Eurogunerako eta Estatu Batuetarako zenbatetsitakoaren (%5,2, %5,1 eta %3,5, hurrenez hurren) gainetik dago. Espainiar Estatuko ekonomiaren kasuan, bestalde, hazkuntza-estimazioa handiagoa da urte arteko konparatiban (%6,4), baina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hazkuntza-erritmoa moderatuagoa da (%0,3).

Eustaten datuen arabera, eskaintzaren ikuspegitik, sektore guztiek, lehen sektoreak izan ezik, hazkuntza positiboak izan dituzte, urte arteko terminoetan, 2022ko lehen hiruhilekoan.

Lehen sektorean balio erantsiaren uzkurdura %1,8koa izan da, termino errealetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, 2021eko azken hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino %15 handiagoa izanik ere.

Industriaren sektorea bizkortu egin da urteko lehen hiruhilekoan, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen arteko terminoetan. Sektoreko jarduera aurreko urteko lehen hiruhilekokoa baino %6,5 handiagoa izan da eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, %3,5 egin du gora. Manufaktura-industriaren kasuan zenbatetsitako hazkuntzak moderatuagoak izan dira, %5,9 eta %3,4koak, hurrenez hurren.

Eraikuntzaren sektoreak ere aurreko hiruhilekoan baino hazkuntza handiagoa izan du. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, jarduerak %1,9 egin du gora, eta jardueraren hazkuntza, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %2,5ekoa izan da.

Zerbitzuen sektorearen jarduera globala, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, %6,0 igo dela zenbatesten da. Urte arteko hazkuntza hori, neurri handi batean, 2021eko lehen hiruhilekoan itxita egon ziren edo jarduera mugatuta izan zuten eta, hiruhileko honetan, jarduera-mailari berriro heldu ahal izan dioten pertsonentzako zerbitzuetan –aisia-jarduerei eta turismo-sektoreari lotutakoak– oinarritzen da. Urteko lehen hiruhilekoak, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, %0,1eko igoera ekarri du.

Barneko eskaria azken kontsumoko gastuak eta kapitalaren eraketa gordinak eratzen dute, eta urteko lehen hiruhilekoan urte arteko % 2,9ko igoera izan du. Hazkuntza hori BPGrako zenbatetsitakoaren azpitik dago (% 5,7); beraz, Kanpo-sektorearen ekarpena positiboa izan da urteko lehen hiruhileko honetan. Ondasun eta zerbitzuen esportazioek % 13,6 egin dute gora, urte arteko terminoetan, eta Inportazioek baino intentsitate handiagoz (% 8,9 egin du gora). Kanpo-saldoak, beraz, ekarpen positiboa egin dio erkigegoko ekonomiaren urte arteko bilakaerari.

Enplegua

Enplegu-mailei dagokienez (Dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta), enpleguak, oro har, % 5,0 egin du gora, 2021. urteko lehen hiruhilekoaren aldean; nahiz eta % 0,9 egin duen gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Lehen sektoreak enpleguaren % 0,4ko beherakada izan du, bai urte arteko terminoetan, 2021eko lehen hiruhilekoaren aldean, bai hiruhilekoen arteko terminoetan. Industrian, lanpostuen urte arteko hazkuntza % 2,6koa izan da, eta aurreko hiruhilekoko zifra baino % 0,8 altuagoa izan da.

Eraikuntzan, enpleguaren bilakaera ere positiboa izan da urte arteko terminoetan (% 3,4ko igoera), baina, hiruhilekoen arteko terminoetan, portaera negatiboa izan da (%1,5eko jaitsiera).

Azkenik, Zerbitzuen sektorean, dedikazio osoaren baliokideak diren lanpostuen kopuruak gora egin du, bai urte arteko terminoetan (% 5,9ko igoera), bai hiruhilekoen artean (%1,1).