NAIZ

ELAk eta LABek lau greba egun deitu dituzte Bizkaiko garbikuntza sektorean ekainean

Ekainaren 9, 10, 20 eta 21ean greba deitu dute ELAk eta LABek Bizkaiko garbikuntzako sektore osoan. Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin du deialdia, eta hitzarmenaren negoziazioa indartzea dute helburu.

Garbikuntza sektoreko langileen aurreko mobilizazio baten irudia.
Garbikuntza sektoreko langileen aurreko mobilizazio baten irudia. (ELA sindikatua)

ELA eta LAB sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, lau greba egun deitu dituzte Bizkaiko garbikuntzako sektore osoan.

11.000 langileentzako hitzarmenaren negoziazioari bultzadaren beharra ikusten du ELAk. Ohar baten bitartez azaldu duenez, negoziazio mahaiak puntu berean jarraitzen du eta «patronalak langileak gehiago pobretzen duen eskaintza bestetik ez du egin».

Ekainaren 9an manifestazioa deitu du goizeko 11.30ean Deustutik Cebeken egoitzaraino. Mobilizazioa garbikuntzaren sektoreko enpresa ezberdinetan greban dauden langileen elkarretaratzearekin bukatuko da.

Ekainaren 10ean 10.45etan, beste manifestazio bat deitu du Bilboko Gas-aren CEBEKeraino.

LAB sindikatuak 1.200 eurotako gutxieneko soldataren eskakizunean jarri du indarra. Gogoratu duenez, martxotik hona sei greba egun egin dira, baina egoera ez da aldatu.

«Gaur jakin dugunez, patronalek hilaren 6rako aurreikusita zegoen bilera atzeratzea eskatu dute, eta bilera astebete geroago egitea: ekainaren 13an. Proposamen bat egiteko denbora gehiago behar dutela esan dute. Ia 20 bilera eta 6 greba egun ez dira nahikoak izan soldata duinak eta baldintza duinak nahi ditugula ulertarazteko. Beraz, datorren ostegun eta ostiralean berriro ere erakutsiko diegu», adierazi du sindikatu abertzaleak.

Azken hilabeteetan garbitzaileek beren baldintzak duintzeko borrokarako prest daudela erakutsi dutela nabarmendu du LABek.