NAIZ

Gizarte taldeek gaua kalean pasako dute zenbait udalerritan harrera duina aldarrikatzeko

Migratuen kolektiboek eta elkarri laguntzeko sareek kalean lo egingo dute Euskal Herriko hainbat herritan, eta parte hartzeko deia egin diote diskriminaziorik eza eta harrera duina administrazioek «bermatu beharreko oinarrizko eskubideak» direla ulertzen duen edonori.

Atxuriko kantxen itxieraren aurkako elkarretaratzea.
Atxuriko kantxen itxieraren aurkako elkarretaratzea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hainbat ekintza egingo dira ekainaren 8an, hurrengo asteazkenean, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako udalerrietan, Lakuako eta Nafarroako gobernuei eskatzeko «gurean bizi diren edo aldi baterako dauden pertsonen oinarrizko eskubideak» berma daitezela, batez ere etxebizitza duinik ez dutenentzat. Baliabide eta aurrekontu nahikoak dituzten planak izatea premiazkoa dela aldarrikatuko dute.

Deialdia egin duten erakundeek atzerritarrei buruzko legedia salatu dute, «arrazismo instituzionalaren adierazpen gorena» dela uste baitute, «milaka pertsonari beren bizi-proiektuak garatzea galarazten dielako eta irregulartasunera kondenatzen dituelako».

Gaur egun kalean bizi dira bostehun pertsona baino gehiago, etxebizitzarik ez dutelako, eta erroldatzeko zailtasunak dituzte. «Poliziaren jazarpena jasaten dute, hain agerikoak ez diren beste leku batzuetara lo egitear joan daitezen, edo identifikazio arrazistak egiten zaizkie behin eta berriz. Identifikazio horiek, administrazio-egoera irregularrean daudenentzat, Atzerritartasun Brigadarako zitazioen, CIEn barneratzeen edo kanporatzeen atariko bihurtzen dira», salatzen dute.

Migrazioaren aldeko Euskal Itun Soziala sinatu ondoren, edo Nafarroan harrera-diagnostikoak eta -planak egin ondoren, «EAEko eta foru-administrazioetako ezein sailek eta udalek, ez dituzte bete harrera- eta gizarteratze-planak», salatu dute.

Ukrainako kasuak azaleratu duena

«Argi daukagu egoera horri aurre egiteko bitartekoak jartzen ez badituzte, borondate politikorik ez dutelako dela. Borondatea eta erantzukizuna dagoenean bitartekoak aktibatu egiten dira, eta hori erakusten du erakundeek Ukrainako nazionalitatea duten errefuxiatuei egiten dieten harrerak».

Antolatzaileen iritziz, administrazioek ezagutzen dituzte gabezia horiek, baina entzungor egiten diete konponbide-eskaerei: «Bere argumentu nagusia egiten dutenaren publizitatea egitea da. Argudiorik ez pertsonen zati bat kanpoan zergatik uzten duten justifikatzeko».

Protokolo egiaztagarri eta argiak, administrazioen arteko koordinazioa eta irizpide komunak faltan botatzen dituzte: «Asko dira EAE eta Nafarroa politika sozialetan abangoardian jarri nahi dituzten adierazpen orokorrak. Harrera duinari eta etxegabetasunari ekiteko planik ez da falta. Errealitateak, ordea, zoritxarrez, gezurtatu egiten du erretorika hori».

Zazpi udalerri momentuz

Orain arte, zazpi udalerrik egin dute bat ekimenarekin: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Irun eta Artea-Igorre. Parte-hartzaileek, kalean lo egin aurretik, hainbat ekitaldi egingo dituzte, hala nola kalejirak esterillekin eta kartoiekin eta mikro irekia, testigantza partekatu nahi duten pertsonentzat.

Era berean, ekintza paraleloetan, atzerritarrei buruzko legeriak baldintza duinetan lan egiteko aukera mugatzen dien pertsonen eskubide berdintasunik eza salatuko dute.