M.A.

Edalontzi bakar bat, askotan erabiltzeko

Irri Sarri egitasmoak erabilera bakarreko 50.000 bat kartoizko edalontzi erabiltzea ekidin du abian daraman urte eta erdian. Horretarako, edalontzi berrerabilgarri bat sortu eta kontsumo sistema bat diseinatu du Ander Alvarez elgoibartarrak. 140 ostalaritza gune inguruk bat egin dute ekimenarekin.

Egunotan Bioterra azokan egon da Irri Sarri.
Egunotan Bioterra azokan egon da Irri Sarri. (NAIZ)

Hondakin onena sortzen ez dena da. Asko errepikatu arren, egia izaten jarraitzen duen baieztapena da. Erabilera bakarreko plastikozko poltsekin egin bezala, beste produktu batzuentzako alternatiba iraunkorrak ere ari dira sortzen. Horixe egin du, adibidez, Irri Sarri proiektuak kartoizko edalontziekin.

Ander Alvarez elgoibartarraren egitasmoa da. Baso hauek aukeratu zituen, «arazo txikia» izanik ere, «ondorio potenteak» dituela ohartarazteko. Izan ere, birziklatzeko oso zailak dira eta zakarretara botatako gehienek erraustegian edo lurperatuta bukatzen dute. Horri aurre egiteko, bere aletxoa jarri nahi izan du depositu bidezko sistema bat sortuz. «Txosnetan betidanik egin izan da eta jendeak erabiltzen du, emaitza onak ditu», gogoratu du.

Funtzionamendu erraza du. Erabiltzaileak bi euro ordainduko ditu Irri Sarri edalontziaren truke eta sarearen parte diren ostalaritza guneetan nahi bezainbestetan erabili ahalko du edaria eramateko. Dirua berreskuratzeko, hura bueltatu besterik ez du egin beharko.

Ikasketaz eta ogibidez diseinatzailea da Alvarez. Horregatik izan omen du beti «arazo baten aurrean irtenbide bat bilatzeko joera». Itsasora joateko ohitura ere badu eta hondartza garbiketetan ere parte hartu izan du. Halakoetan jabetu zen nahiz eta garbitu zaborra berriz agertzen zela hareatzetan, baita irtenbidea aurreko urratsean zegoela ere: «Goazen zaborra ez sortzeko irtenbide bat ematera, ahalik eta sinpleena, ulertzen erraza».

Horri heldu zion 2019ko Eguberrietan: lehen prototipoak egin, ekonomia zirkularraren inguruan ikasten hasi, edalontziak ikusi... Itxialdian buru-belarri aritu zen proiektuan sakontzen eta irtendakoan lehen probak egiten hasi zen. Azaroan abiarazi zuen egitasmoa Donostiako Gros auzoko bost tabernatan. Lehen hilabetean ia 1.000 edalontzi aurreztu zituzten, eta horrek «zentzu pixka bat» eman zion proiektuari, eta jasotako iritzietan oinarrituta aldaketatxo batzuk egitea erabaki zuen.

Erakundeen bultzada

Hilabeteotan erabilera bakarreko 50.000 bat kartoizko edalontzi erabili gabe uztea lortu dute. Ahoz ahokoak lagundu du Irri Sarrira taberna gehiago batzea, baina ez da bide bakarra izan. Iaz Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkarteak elkarlan akordioa sinatu zuten urrian 3.000 edalontzi ekoiztu eta lurraldeko establezimenduetan banatzeko. Irri Sarri ezagutarazteko bultzada berri bat izan zen.

Handik hedatzen joan da eta Bizkaira heldu. Jada, 140 ostalaritza gunek bat egin dute sistemarekin. Alvarezek azaldu duenez, Durango da «herri potenteena», bertako Dendak Bai elkartearekin akordioa sinatu zuten iaz eta horri esker 20 taberna sartu dira sarean. Alvarezen nahia, edonola ere, proposamena Euskal Herri osora zabaltzea da.

Gertukoen laguntzaz gain, egitasmoaren arduradunak Impact Hub kooperatiba bidaide izan du hasieratik eta horren babesa «garrantzitsutzat» jo du.

Egunotan Bioterra Azoka Jasangarrian egongo da Irri Sarri, bigarren urtez jarraian zerbitzua emango baitio Ficobari. Erakusleiho izateaz gain, hondakinen sorburua dagoen lekuetan egoteak garrantzia duela uste du Alvarezek. «Horrelako azokak antolatzen dituztenek ere arazo bera dute. Erabilera bakarreko edalontzi asko erabiltzen dira eta aukera ona izan daiteke horiek saihesteko».