Mikel Aginagalde
Elkarrizketa
Itziar Gabilondo
Bastida Herri Ikastetxeko zuzendaria

«Guztion artean eraiki behar dugu kalitatezko eskola publiko euskalduna»

Gogotsu eta zirraraz beterik bizi dituzte antolatzaileek Euskal Eskola Publikoaren aldeko 19. festaren aurretiko uneak. Mabi Zubiria, Amaia Ferreira eta Itziar Gabilondo dira zuzendaritza taldeko kideak. Beren iritziz, «denon artean eraiki behar dugu kalitatezko eskola publiko euskalduna».

Itziar Gabilondo, Mabi Zubiria eta Amaia Ferreira.
Itziar Gabilondo, Mabi Zubiria eta Amaia Ferreira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Osasun krisiak ekitaldia bi urtez atzeratu badu ere, hirugarrenean dena prest daukate jaia eta aldarrikapena uztartu, eta euskal eskola publikoaren alde egiten duten milaka herritarrekin batera igande berezi bat ospatzeko. GARAk Bastidako eskolako zuzendari Itziar Gabilondorekin solastatzeko aukera izan du, eta hemeretzigarren edizio horren inguruan zenbait xehetasun kontatu dizkigu.

Bi urte luzez atzeratu behar izan da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. Igande honetan, azkenik, festa handia izango da Bastidan. Nola bizi duzue ospakizunaren aurreko momentua?

Hiru ikasturte eman ditugu igande honetan ospatuko dugun festa antolatzen, osasun krisiak bete-betean harrapatu gintuen eta. Birritan utzi behar izan dugu bertan behera Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia, baina aurtengoan, behingoz, iritsi da ospatzeko unea eta irrikaz eta urduritasun puntu batekin gaude. Esan behar da, bestetik, denbora nahikoa izan dugula azken hiru ikasturteotan zehar antolakuntza lanetarako. Egia da, hala ere, egitarauaren planteamendua nahiko itxita bazegoen ere, denborarekin aldaketatxo batzuk egin eta berrantolatu egin behar izan direla programatuta genituen zenbait ekitaldi. Antolakuntza  arloan, Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak eginiko lana apartekoa eta txalotzekoa izan da.

Igande honetan eskainiko duzuen egitaraua oso oparoa da eta adin guztietako pertsonei zuzendua, gainera. Zeintzuk dira ospatuko diren ekitaldirik aipagarrienak?

Eskaintza zabala dago, zalantzarik gabe, adin guztietako pertsonentzat, baina ekitaldi jakin bat aukeratu beharko banu, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia aukeratuko nuke. Umeei ilusio handia sortzen dieten pailazoak dira eta jende ugari erakarriko dute, zalantza izpirik gabe. Beste alde batetik, musika kontzertuak ere azpimarratuko nituzke, bertan aniztasuna egongo delako eta gure errealitatea islatuko duela uste dudalako.

Osasun krisiak guztia hankaz gora jarri zuen eta zailtasunak agerikoak izan dira ekitaldiaren antolakuntza eta kudeaketari dagokionez. Zeintzuk izan dira gainditu behar izan dituzuen oztopo eta trabarik handienak?

Argi dago osasun krisiak eragin negatiboa izan duela alor horretan. Izan ere, jendearekin elkartu ezin izateak antolakuntza lanak ikaragarri oztopatu dizkigu. Denbora luzean zehar aurrez aurreko elkarlanik egin gabe ibili gara, kudeaketa lana bilera birtualen bidez eginez. Hori guztia nekagarria izan da, baina nola edo hala lortu dugu festa handia eskaini ahal izatea. Emaitza igandean ikusi ahal izango da.

Zuk aipatu duzun bezala, igarotako azken bi urteetan zehar herritarroi mugikortasuna mugatu digute. Zer-nolako eragina izan du horrek ikastetxeetako kide, guraso eta ikasleengan, prestakuntza lanetako inplikazioari dagokionez?

Egia esan, azken hilabete hauetan jendearen inplikazioa areagotu egin da, festaren eguna gerturatzen ari zela ikusita, ziur asko. Guk beti eskatzen dugu eskola osatzen duten eragileen edo komunitatearen inplikazio aktiboa; ezaugarri hori ezinbestekoa zaigu aurrera egin ahal izateko; hau da, eskoletan ikasturtean zehar antolatzen diren ekintza eta jardueretan parte hartzea. Ez hori bakarrik, eskolei eta ikasleei zuzenean eragiten dieten planteamendu eta erabakietan parte har dezaten nahi eta behar izaten dugu.

Eta nolakoa da, oro har, gaur egun Arabako Errioxako ikastetxe publikoen egoera?

Lehenik eta behin, uste dut gure ikastetxean eta inguruko gainontzeko eskoletan ere aniztasun handia dagoela. Daukagun egoera ez da samurrena, baina erronka politari aurre egiten ari garela deritzot. Guretzat aukera itzela da eskola hain anitzean lan egin ahal izatea, horrek pertsonalki eta profesionalki aberastu egiten gaituelako. Eskaintzen dugun formakuntzaren ardatza ezaugarri hori une oro aintzat hartuz egiten dugu.

Bigarrenik, esan beharra dago eskoletan bizi dugun lan ezegonkortasuna oso agerikoa dela, eta horrek gure lana asko baldintzatzen duela. Irakasle plantilla finkoa ez izatea buruhauste handia da gu-guztiontzat eta bete-betean eragiten du hartu beharreko erabakietan eta planteamenduetan. Hala ere, Arabako Errioxako eskolak eraldatze prozesuan murgilduta daude, zailtasun guztien gainetik, eta guk ahalegina egiten dugu gure errealitateari erantzun inklusiboena eman ahal izateko. Uste dut instituzioek eta, oro har, gizarteak hemengo eskolak babestu eta sustatu egin behar dituztela.

Erdara nagusi den lurraldean daramazue aurrera zuen lana. Nola ikusten duzu euskararen egoera eremu horretan? Aurrerapausoak izan al dira azken urteetan normalkuntza lortzeko bidean?

Aniztasun handia dagoen lurraldea izaki, euskara egunerokoan erabili ahal izatea zailagoa da. Euskal Herriko beste gune euskaldunagoekin alderatuta, Arabako Errioxan euskal hizkuntzaren erabilera dezente txikiagoa da. Edonola ere, esfortzu handia egiten dugu bertako eskoletan euskalduntze prozesu hori aurrera eramateko, eta, ildo horretan, benetan uste dut gure zonaldeak behar-beharrezkoa duela administrazio ezberdinen laguntza.

Egia da bertako udalek badaukatela estrategia edo plan zehatz bat euskararen erabilera eta, oro har, gure hizkuntzaren egoera hobetzen laguntzeko, baina hori lortzeko ezinbestekoa da, batetik, udalen eta eskola komunitatearen inplikazioa eta, bestetik, euren arteko koordinazioa eta elkarlana. Hau da, bi aldeen ekarpenak uztartu behar dira eta estrategia amankomun bati jarraitu, benetan eraginkorra izatea lortu nahi badugu behintzat.

Azkenik, zer mezu bidali nahiko zenuke, Bastidako eskolako zuzendari gisa, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren atarian?

Erdigunera eraman behar dugu Arabako Errioxako eskola publikoa. Inguruko eskolak elkarren oso desberdinak izanik ere, zenbait ezaugarri amankomun ditugu, eta guztiok egiten dugu ahalegin handia gure proiektuak aurrera eramateko. Honaino gurekin ondo pasatzera eta aldarrikatzera etortzen den oro ongi etorria izango da, eta bizi dugun errealitatea ezagutzera gonbidatu nahi genituzke guztiak. Izan ere, denon artean eraiki behar dugu kalitatezko eskola publiko euskalduna.