Parisko Dei Auzitegiak ostegun honetan jakinarazi behar zuen iragan maiatzaren 19an aztertu zuen Jakes Esnalek baldintzapeko askatasunean irten ahal izateko aurkezturiko bigarren eskaerari buruzko bere erabakia.
Baina txosten berria eskatzeko hautua egin ondoren, auzitegiak ez du uztailaren 21a arte bere deliberoa hartuko.
Dagoeneko Dei Auzitegiak lapurtarraren defentsak aurkezturiko eskaera ontzat eman zuen 2020ko maiatzean plazaratu zuen ebazpenaren bidez.
Are, orduan fiskalak baliatu zuen argudioetako bat, presoak berriz ere delitu egiteko arriskuaz oharraraziz, «guztiz hipotetikotzat» jo zuen «Euskal Herrian azken hamarkadan izan den egoera aldaketa» aintzat hartuta presoaren eskaera babestu zuen epaileak.
Hala eta guztiz ere fiskalak helegitea ezarri zuenez askatzeko prozesua bertan behera gelditu zen eta auziaren hurrengo geldiunea Kasazio Gortea iragan zen.
CNE balorazio batzordetik pasatu ez izanak ezinezko bilakatzen zuela Esnal aske uztea zioen fiskalaren «argudio teknikoa» bertan behera gelditu zen baita ere.
71 urte dituen lapurtarraren defentsak bere aldeko erabaki bi horiek eskutan heldu zen maiatzaren 19an iragan zen auzi saiora.
Auzia gehiago luzatzeko arriskuaz oharra egin zuen defentsak
Izan ere, auzitegiak «proposamen harrigarria» jarri zuen mahai gainean epaiketaren egunean.
Kasazio Gorteak CNE pasatzea ez zela derrigorrezkoa erran bazuen ere Dei Auzitegiak proposatu zuen horren gainean beste instantzia bati, CPMS batzordeari, iritzia eskatzea.
Fiskalak proposamena babestu zuen baina Esnalen defentsak bere kexa agertu zuen auzia luzatzeko asmoa agerian jarriz.
Gainera CPMS delakoak badira bi urte bere oniritzia eman zion presoak eginiko eskaerari.
Horrendako erabakia lehenbailehen hartzea galdetu zion epaileari auziaren amaieran.
Dei Auzitegiak gaur jakinarazi duenez, CPMSri eginiko kontsultaren emaitza jaso ondoren hartuko du bere erabakia, uztailaren 21ean.
Presoaren defentsak harriduraz hartu du erabakia. Dagoeneko aipaturiko batzordeak bere iritzia eman zelako.
Izan ere txosten horrek bi urteko iraupen-data ohi duenez, eta epea iragan otsailean bete zenez, aukera horri heldu dio jujeak gaur hartu duen erabakia sustatzeko.
Epaitegiaren hautua ez da erreza ulertzeko, presoaren defentsaren ustez. Normalki hilabetek hartzen ditu CPMS batzordeak bere txostenak egiteko. Alta hilabeteko epea eman dio jujeak aipaturiko egiturari bere iritzia emateko.
«Ez dakigu hala eginen duen edo denbora aski ez duela txostena osatzeko erantzunen duen eta uztailaren 21ean gibelatze berri bat emanen den», azaldu du defentsak.
Logikak aginduko luke batzordeak badira urte bi emandako onespea berrestea, baina hala ez balitz gertatuko, 32 urte kartzelan daramatzan Esnalen espetxealdia gehiago luzatzeko arriskua agerikoa da.
«Aitzakiaz aitzaki etengabe luzatzen ari dira Esnalen espetxealdia eta hori ez da onargarria», laburbildu du lohizundarraren defentsak.
Larunbatean, manifestazioa Baionan
Bai Jakes Esnalen auziak baita heldu den ekainaren 15an argitzeko den Ion Kepa Paroten prozedurak kezka bizia sortu dute bakea eta elkarbizitzaren alde aspaldiko lana burutzen duten eragileen artean.
Oroitzearren, Jakes Esnalen auziaren biharamunean, maiatzaren 20an, Baionako Auzitegia blokeatu zuten dozenaka bake ekintzaileek.
Abantzu lau orenez luzatu zen blokeo operazioaren harira agiria plazaratu zuen Bake Bideak «ekimen honen helburua Fiskaltza Antiterrorista eta Fiskaltza Orokorraren jarrera salatzea da».
Aste honetan bertan ‘Enbata’ aldizkarian argitaratu duen iritzi zutabe batean Bake Bidea elkarteko lehendakariak Anaiz Funosasek zilegitzat jotzen du Fiskaltza anti terroristaren jokabidea «ez ote dion Estatu mendekuari galdera pausatzea».
Heldu den larunbatean, ekainaren 11an, manifestazioa izanen da Baionan. «Denbora badoa! Orain presoak ! Ion, Jakes eta Unai gurekin» leloa duen martxa arratsaldeko 17.00etan abiatuko da Lauga kiroldegitik.
Bake prozesuaren aldeko ituna izenpetu duten hautagaien zerrenda
Hain zuzen egun bat beranduago, ekainaren 12an, hauteskunde legegileen lehen itzulia izanen da.
Horren karietara Aieteko Konferentziatik eta gaur arte, aniztasunetik, Ipar Euskal Herriko eragileek jorraturiko bidearekin jarraitzeko engaiamendua azaltzea galdetu die Bake Bideak hautagaiei.
Elkarteak ostegun honetan plazaratu ditu jasotako erantzunak.
Laugarren hautesbarrutian lau hautagaik Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai), Julien Lassalle (Resistons!), Carlos Ribeiro (Lutte ouvrieres), Iñaki Echaniz (Nupes)- izenpetu dute konpromisoa.
Bostgarren hautesbarrutian Thomas Riché, Hélène Susbielle, Thibault Pathias (Volt) eta Mathilde Hary (EH Bai) hautagaiek babestu dute ituna eta, finean, seigarrenean, Philippe Jouvet (zentroa), Peio Dufau (EH Bai), Mariel Goitschel (Resistons !) eta Vincent Bru (Ensemble!) hautagaiak engaiatu dira.