NAIZ

Altuna III.ak aste batzuk gehiago itxaron beharko du berriro pilotalekuetara itzultzeko

Jokin Altuna kirofanotik pasa zen maiatzaren bukaeran eta hasiera batean bere berragerpena ekainaren hirugarren astebururako aurreikusi bazuten ere, enpresatik adierazi dute Amezketako pilotariak ez duela jokatuko ez Urrestilako jaialdian ezta Arrigorriagan ere, Bizkaia Txapelketako finalerdietan.

Jokin Altuna, burumakur, Lasoren aurkako finalerdian, Buruz Buruko txapelketan.
Jokin Altuna, burumakur, Lasoren aurkako finalerdian, Buruz Buruko txapelketan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ezker eskuko bigarren hatzean zuen noduloa kentzeko kirofanotik pasa zen Jokin Altuna maiatzaren bukaeran, Buruz Buruko finalerdiak jokatu eta hamar bat egunera. Hala, hirugarren postuaren borrokarako lehiari uko egin zion.

Hasiera batean, bere berragerpena Urrestilako jaialdirako aurreikusten zen –hilaren 17an– eta Bizkaia Txapelketan, Arrigorriagan, bere parte hartzea ere aurreikusten zen baina ostiral honetan Aspek iragarri du Amezketako ez dela berragertuko hurrengo asterako. Bere ordez, Bizkaia Txapelketako finalerdietan Dario arituko da, Martijarekin bikotea osatuz.

Hala, aste batzuk gehiago egongo da pilotalekuetatik kanpo, enpresak ez baitu aurreratu nahi izan noiz izan daitekeen bere berragerpen data.

2021eko Binakakoan –Jon Mariezkurrena bikote zuela– kolpe txar bat jaso ostean, konkor bat atera zitzaion eskuan amezketarrari eta ordutik lehiatzen jarraitu izan badu ere, udara aurretik egutegian atsedenalditxoa zegoela probestu nahi izan du kirofanotik pasa eta ebakuntza egiteko.

Ebakuntzaren zauria ixteko hiruzpalau aste pilotarik ukitu gabe egon behar zela aurreikusi zuten eta horregatik espero zen ekainaren 17rako jokatzeko moduan izatea. Azkenean, apur bat gehiago atzeratuko da –ez dute arrazoi gehiago eman– egungo Binakako eta Lau eta Erdiko txapeldunaren berragerpena.