Molde zaharreko dantza maisuaren lana, dokumentalera
Xabier Sarriegi ‘Paxatxo’ molde zaharreko azken dantza maisuaren omenez zerbait egiteko proposatu zioten Mikel Alvarez Sarriegiri. Paxatxoren eta dantzaren inguruko hainbat lagunekin solasean, dantza maisuaren figura eta gai gehiago jorratu ditu ‘Azken Dantza Maisua’ dokumentalean.
Maiatzaren 27an hasi ziren Loinatz jaiak Beasainen, urte biko etenaldiaren ostean. Astelehenean eta asteartean ezpata dantza eta soka dantza ikusteko aukera izan zen eta, mende bat baino gehiagoko ohiturari jarraituta, haurren dantzek jendetza bildu zuten beren inguruan txistuaren soinuarekin. Aurten, haur horiek eta aurretik beste asko prestatu dituen dantza maisua, Xabier Sarriegi ‘Paxatxo’, ez da plazan izan, ordea, iazko urtarrilean zendu baitzen. Hala ere, nolabait presente izan da herriko jaietan, beasaindarren eta dantza munduko jendearen gogoan, berak zaindu eta iraunarazitako ohitura erakusten duen dokumental baten bidez, haren omenez egindako film horrek dantza maisuaren figura aztertzen baitu. Paxatxok 42 urtean aritu zen zeregina, hain zuzen.
Hori eta askoz gehiago eskaintzen du astelehenean estreinatu zen ‘Azken Dantza Maisua’ dokumentalak. Bira Produkzioak ekoitzi eta Beasaingo Udalak babestutako lan horren zuzendari Mikel Alvarez Sarriegik kontatu du nola sortu zen azken urtebetetsuan erronka izan duenaren ideia.
Joan den urteko martxoan proposamen baten berri ematera joan zitzaizkion Mikel Sarriegi eta Izaskun Salazar Aurtzaka dantza taldeko kideak. Pandemia zela-eta dantza taldearen jarduna guztiz aldatu zen azken bi urtean ekitaldirik egin ezinik, eta zerbait egiteko gogoa zeukaten, dantza taldea bizirik mantendu eta beren kultura eskaintzari eusteko asmoz. «Aurreko urtarrilean hil zen Xabier Sarriegi ‘Paxatxo’, azken dantza maisua, eta hortik tiraka dokumental bat egiteko ideia atera zen», azaldu du filmaren zuzendari eta Paxatxoren ilobak. «Osabaren lana. 42 urtean dantza maisu izan zela aitzakia hartuta, dantza maisuaren figura eta Beasaingo ohitura horien historia kontatuko zuen dokumental bat». Hori izan zen proposamena.
«Niretzat zerbait gertukoa zen. Osaba, eta osabaren aurretik aitona izan zen. Gogotsu hasi ginen». Hasieratik, baina, argi zuten dokumental antropologikoa, batez ere historia kontatzen duena izan beharrean, beste narratiba bat sartu nahi zutela. Elkarrizketa batzuk egiten hasi ziren eta berehala konturatu ziren beste elementu interesgarri batzuk ere bazeudela. Aurtzaka taldeko kideei azaldu zieten planteamendua, haiek ados agertu ziren eta «urtebete baino gehiago igarota, lana aurkezteko moduan geunden», dio Mikel Alvarezek.
«Paxatxo urte gehien egon den dantza maisua izan da, eta molde zaharrekoa zela kontuan hartuta, ikerlariek nahiko garbi esan dezakete Euskal Herriko azken dantza maisua zela, garai bateko dantza maisua bezala ulertuta, Beasaingoa baitzen geratzen zen bakarra». Hura hil zenean, ohitura horrek nola jarraituko duen zalantza sortu zen, dantza maisua amaituko ote den. Eta begirada guztiak Paxatxoren seme Josebarengan jarri omen ziren. «Berak ere badauka bere bizitza, futbolaria da, Bergaran jokatzen du, eta aita hil ondoren, dantzarekin harremana galduta zuen mutil futbolariak nola sentitzen duen hutsune hori, ardura hori, familiaren hariari jarraitzeko presio hori… pixka bat hori dena landu nahi izan dugu». Bere aitaren inguruko dokumentalean parte hartzeko esan ziotenetik oso jarrera ona izan du hasieratik Joseba Sarriegik, «eta ez hori bakarrik, bere klubak bertan elkarrizketatzen utzi zigun, entrenamenduak grabatzen...». Filmaren teaser batean lagun bat dantzatzeko espartinak eta futbol oinetakoak janzten ageri da, baita baloia aurrera daraman futbolari baten hankak ere. Joseba Sarriegi da.
Tradizio luzeko irakasbidea
Lau mendeko tradizioa duen irakasbidea bizirik jarrai dezan eutsi izan dion figura da dantza maisu zaharra. Horixe izan da Paxatxo 42 urtean. «Irakasteko modua da, eta ez hori bakarrik». Molde zahartzat ulertzen dena lanbidea zen. Garai batean Udalak pertsona bat kontratatzen zuen ekitaldi baterako gazteak dantzarako prestatzeko. «Nik gauza hauek orain ikasi ditut, e?», dio Mikel Alvarezek irribarrez. «Udalak ordaindu egiten zion, eta lanpostu ona zen, diru on bat kobratzen zuten. Dantzak prestigioa zuen, gorteetan-eta egiten zen. Perez de Lazarragaren olerkietan agertzen da dantza maisua. Juan Ignazio Iztueta zaldibiarrak [1824an “Guipuzcoa'ko dantza gogoangarrien kondaira edo historia” obra argitaratu zuenak] hainbat dantza maisu prestatu zituen, Euskal Herrian barrena zabaldu zirenak».
Figura hori prekarizatzen joan zen urteen joanean, dantza tradizionalak prestigioa galdu zuenean. Haiek beren lana uzten joan ziren eta gero eta dantza maixu gutxiago zegoen. «Orduan dantza taldeak sortu ziren: Donostian Goizaldi eta horiek guztiak, eta dantza taldeak hasi ziren dantza maisuen lana hartzen. Zenbait lekutan eutsi diote dantza maisuaren ohitura horri, hala nola Beasainen». Azkena Paxatxo zen, «guk dakigula», ohartarazi du zuzendariak. Beraz, alde batetik dantza maisuaren figura, dantza taldeetan eraldatu dena, eta beste alde batetik dantza maisuaren irakasteko modua. «Ikasleak banan bana joaten dira dantza maisuaren aurrean dantza egiten eta hark esaten die zer egiten duten gaizki eta zer hobetu behar duten, berriz ere ilarara itzultzeko eta hurrengo bueltan hori hobetzeko. Orain, berriz, ispilu baten aurrean bost, hamar, hamabost ikasle, ispiluari begira eta guztiei batera irakasten die irakasle batek».
Genero ikuspegia
Beasaingo soka dantza XIX. mende amaieratik dokumentatuta dago. Argazkirik zaharrena 1980ko hamarkadakoa da eta idatzietan jasota dago atzeragotik datorren dantza dela. 2019 arte soka dantzan, baita ezpata dantzan ere, mutilek bakarrik hartzen zuten parte, eta harritzekoa dela dio Mikel Alvarezek nola gatazkarik batere egon gabe aldaketa hain berandu gertatu den, nola inork ez duen lehenago esan zergatik ez ziren neskak ateratzen. «Adituek diotenez, beste herri batzuetan festan parte hartzen dutenak helduak direnean askoz garbiago ikusten da, baina umeak izanda, oharkabeago gertatzen zen». Beasainen 2018an hasi ziren neskak ateratzeko mugimenduak, eta hurrengo urtean oso modu naturalean hasi ziren plazara ateratzen, eskola zaharraren aldeko inoren erresistentziarik gabe. «Neurri batean eredugarria izan dela uste dut Beasaingo prozesu hori».
Ikerlari guztiek argi dute emakumeek plazan izan behar dutela lekua gizonezkoek bezalaxe», baina badute gainerako kezka bat, mutilak dantzatik desagertzen direla eta hori generoarekin edo maskulinitatea ulertzeko moduekin lotura duela.
Horixe da, hain zuzen, jorratu dituzten beste kontuetako bat, dantza munduan dagoen kezka hori. Mutilak 13-14 urterekin dantzatik desagertzen dira, eta normalean izaten da futbolaren aldeko aukera egiten dutelako. «Iruditu zitzaigun Josebak ondo gorpuzten zuela kezka hori, edo bidegurutze hori». Ez dute espreski adierazi nahi dantza eta futbola bateragarriak direla; izan ere, epaiketarik gabe egiten saiatu dira; hala ere, «ideia da maskulinitateak erakustea, kirolean eman beharreko irudi indartsua, mutilek ere badituztela presioak gaztetan hautatzerakoan.
Astelehenean, kuadrillen egunean, prozesioa izaten da Udaletxetik San Martin parrokiaraino eta buelta, eta bidean Beasaingo ezpata dantza, ezpata motzekin egiten dena, eta asteartean soka dantza egiten dute herriko plazan. Aurten plazako soka dantzan neska gehiago izan dira mutilak baino. Soka dantzak bereziki jende pila biltzen du plazan eta garrantzia du herrian. Prozesioa, berriz, erlijioarekin lotua denez, indarra galtzen joan da, Mikel Alvarezek dioenez.
Tradizioak iraun dezan, moldatu behar
Hamabost pertsona elkarrizketatu dituzte dokumentala osatzeko. Familiakoak, dantza taldekoak, adituak, kazetariak... zuzendaria bera bezala dantzaren munduan ibilitakoak. Baina ez dituzte dantzari modura aurkeztu nahi izan. Bakoitzaren eremura jo dute irudiak grabatzeko: «Irakasleari eskolan grabatu diogu elkarrizketa, medikuari bere kontsultan… Dantzaren eremutik kanpo irudikatu nahi izan ditugu». Horiekin egindako elkarrizketetan atera diren kontuak jorratu dituzte.
Ordubete eta laurdeneko iraupena du dokumentalak. Hasieran bedur ziren, «zeren Aurtzakak kontatzea nahi zituen herriko ohitura horiek, eta guk aldi berean, dantza maisuaren ezaugarriez gainera, beste trama bat-edo behar zuela ikusten genuen, eta hor egon dira lanak, hori nola uztartu eta ordu eta laurdenean nola kontatu dena uler dadin. Hori izan da erronkarik handiena alde batetik eta, bestetik, oso garbi geneukan ikusleari informazioa gordinik eman nahi geniola; hau da, lehen esan dizudan bezala, epaiketarik gabe, guk iritzirik eman gabe, of ahotsik ez genuen sartu nahi, baizik eta elkarrizketatuek beraiek kontatzea, eta hori ere lortu dugu».
Mikel Alvarezek beste zerbait garrantzitsua ere ikasi duela dio. Batere tradizionalista izan gabe –are gehiago, tradizioari dagokionez bai baitzituen aurreiritziak–, tradizioaren barruan pentsatzen dabilen jendeak, hala nola dantza taldeetako jendeak, «Aurtzakako jendeak, adibidez», oso begirada zabala duela eta garbi duela tradizioa definitzen duenean, tradizioa bizirik mantentzen dela moldatzen denean; «ez bada moldatzen, desagertu egiten dela».
‘Azken Dantza Maisua’, alde batetik izaera antropologiko edo historikoa duen dokumentala eta, beste alde batetik, aurrera begira egindakoa: «eta orain, zer?». Beasaini, dantza munduari eta euskal kulturari egindako ekarpena.