Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Haurren jarrera pentsalaria sustatuz

Gizakiak filosofia behar du galderak egiten dituenetik; are gehiago haurrak, galdera gehiago baititu. Gehiago eta aurreiritzirik gabeak; horregatik dio Jakinmin elkarteak filosofiak behar duela haurra, haien freskotasuna behar duelako. Azken urteotan hamaika tailer eta formakuntza saio egin dituzte.

Jakinmin elkartearen haurrentzako filosofia tailerra.
Jakinmin elkartearen haurrentzako filosofia tailerra. (JAKINMIN ELKARTEA)

Nor zara zu? Zer da haurra izatea? Zertarako behar ditugu lagunak? Hilezkorra izan nahiko zenuke? Nork dauka askatasun handiagoa, zuk ala zure gurasoek? Zeintzuk dira zure ametsak? Zergatik gertatzen dira gerrak? Nondik sortzen da edertasuna?».

Horrelako galderen inguruko ikerketa egiteko detektibeen bila ari da Jakinmin elkartea. Batez ere detektibe txikiak nahi ditu, «bizitzaren misterio handiak arakatzeko prest dauden haur pentsalariak». Ez dago zertan berehalaxe erantzun. Ez dago zertan nahitaez erantzun. Ez dago erantzun bakarra, eta denak entzutea merezi du, denen artean erantzun osoago bat aurkitzeko... edo galdera gehiago sortzeko. Ondo pasatuz, gainera.

Duela lauzpabost urte hasi zen elkartea haurrentzako filosofia saioak antolatzen, euren gaitasuna balia dezaten: «Haurrak pentsalari ditugu jaiotzez. Ikasteko jarrera aktiboa erakusten dute, gauza berriak jakin, ikertu, deskubritu nahi dituzte». Hain zuzen ere, gizakiaren jakin-mina, gauzak zalantzan jartzea, «jarrera filosofikoa» alegia, jakintza guztien iturburua da.

Haurrek «berezkoa duten hori» sustatu nahi dute. Modu ludikoan, giro lasai eta atseginean, elkarrizketa filosofikoa suspertu, enpatiaz eta errespetuz komunikatzeko modua baita. Pentsatuz, besteei entzunez, norberaren iritziak taldeari jakinaraziz...

Maddi Nazabal Jakinmin elkarteko kideak ez du zalantzarik batere haurrekiko saio horien egokitasunaz: «Askotan ematen du filosofia eta haurra bateraezinak direla, eta justu kontrakoa da, haurrak erruz egiten ditu galderak, eta galdera horiei espazio bat emanez gero, aukera bat emanez gero, sekulako filosofo txikiak ateratzen dira. Filosofiak freskotasuna behar du; bestela, askotan kontu akademiko erdi zaharkitu batekin lotzen dugu, inori inporta ez zaizkion gauzez arduratzen den zerbaitekin».

Filosofiak behar du haurra

Haurrentzako filosofia pentsamendu kritikoa eta pertsona kritikoak osatzeko metodologia da. Hezkuntza sistema araututik kanpo, haurrentzako tailerrak eta irakasleentzako formakuntza saioak antolatzen dituzte, baita urtean behin haur filosofia jaialdi bat ere. «Galderatik abiatuta dialektika bat sortu behar da. Argudiaketan oinarrituriko erantzun baten eraikitze saiakera bat da filosofian egiten dena».

Jende guztiak egiten ditu galderak, eta haurrek gehiago; ezagutzeko, ikertzeko behar handiagoa du eta. Beraz, haurrak filosofia behar du, baina berdin gertatzen da alderantziz ere, filosofiak behar du haurra. «Haurrak galdera ematen dio filosofiari, eta freskotasun handia, begirada purua duelako, aurreiritzirik gabea, eta aurreiritzirik gabeko galderak dakarzkio filosofiari. Bere burua ezagutu eta munduan kokatu nahi duelako».

Ñabardura bat egin du Nazabalek: «Komeni da ikustea zer den filosofia egitea, ez ikastea, egitea baizik; denok daukagun zerbait da, eta haurrak aktiboagoak dira, eta oraindik ez dituzte jaso aurreiritzi horiek guztiak. Bost urteko ume batek zenbat aldiz dio ‘zergatik’? Bada, ‘zergatik’ horri tira eginda, pentsa zenbat galderatara irits daitekeen. Horregatik, gure aldarrikapena da filosofiak behar duela haurra».

Helburuak

Ofizialki 2018an sortu zen Jakinmin elkarte modura. Osatu zutenek haur filosofiako ikastaro batean egin zuten topo eta «norbera bakarra ez zela ikusita», elkartu eta abiatzea merezi zuela erabaki zuten, horrela «banaka baino indar gehixeago egingo genuelakoan», dio Nazabalek. Izan ere, ikastaro hartara bildu zirenek aurretik ere uste zuten zerbait egin behar zutela Euskal Herri mailan, ikusita haur filosofiak hemendik kanpo nolabaiteko lekua bazuela eta hemen ez. Beraz, interesa izanda, lanean zein bere kabuz ari zirenak elkartu ziren.

Lau helburu nagusi zituela sortu zen elkartea: «Euskal Herri mailan filosofiaren hedapena sustatu eta nolabait erreferente bihurtzea; herrietan haurrekin filosofatzeko filosofia tailerrak antolatu eta egin daitekeela eta emaitzak badituela erakustea; hedapenean laguntzeko eta helduak hurbiltzeko formakuntza antolatzea, eta etxeetan eta ikastetxeetan ere egin daitekeela erakustea, eta azkenik, «erronkarik handiena beharbada», euskarazko materiala sortzea, beste hizkuntzatatik itzultzea edo material berria sortzea; izan ere, euskarazko saioetan beti erdarazko materialera jotzea ez zitzaigun egokiena iruditzen».

Haurrekin hasi ziren, baina gero eta heldu gehiago hurbildu zaizkie beraientzat ere planteamendu interesgarria dela esanez, ez formakuntza bezala, baizik eta haurrekin egiten diren saioak helduekin egiteko. Abian dituzte ikastaroak, adibidez Tabakaleran, eta Usurbilen ere hasteko moduan omen daude; beraz, helduak presentzia hartzen ari dira.

Metodologia

Nazabalek azaldu du haur filosofiaren metodologia ez dutela eurek asmatu, baina Euskal Herrian sustatzeko asmoa dutela. «Zuk gai bat agertzen duzu pizgarri edo abiapuntu modura; elementu hori ipuin bat, antzerki obra bat, testu bat izan daiteke, edo film bat, eta hortik elkarrizketara pasatzen gara. Elkarrizketa hori borobilean egiten da, eta ikerketa komunitate bat sortzen da. Ez dakigu nora iritsiko garen, baina denok batera pentsatuko dugu ozenki, eta elkarrizketa horren bitartez ateratzen dira ideiak, elkarrizketak berak seinalatzen du askotan nondik jo».

Elkarteko kide batek saioaren bideratzaile papera egiten du, baina elkarrizketaren nondik norakoa erabaki edo seinalatu gabe: «Guk ez dugu esaten halako ipuinarekin gai hau edo bestea ukituko dugula, gero elkarrizketak beharbada ez du zuk uste zenuen bidea hartuko eta gure aurreikuspenak ez dira beteko, baina hori da aberasgarria azkenean, helburua ez da guk nahi dugunaz pentsatzea, baizik eta elkarrizketa horretan daudenek dauzkaten interesetatik sortzen denaz».

Espero gabeko ertzak sumatzen dira askotan, eta orduan oso garrantzitsua da bideratzailearen papera. Saioen antolaketak lehenengo pizgarri bat eta gero elkarrizketa komunitate bat eskaintzen ditu, eta hori bideratzeko, gidariaren presentzia. Helburua da gidariaren presentzia ahalik eta gutxien antzematea. Gidariaren helburuak, beraz, elkarrizketa abian dagoela bermatzea izan behar du, argudioak eskatzea, galderak egitea, baina ez berak nahi duen bukaerara iristea, irekitzen dituzten ateetara animatzea baizik.

Bitxia iruditzen zaio Nazabali sortutako egoera, batik bat umeak ez daudelako horretara ohituta: «Zu helduagoa zaren momentuan autoritate bezala ikusten zaituzte eta zuk zer pentsatzen duzun galdetuko dizute. Eta erantzunik ez ematea da garrantzitsuena. Beraienaren balioa nabarmendu beharra dago, eta erantzun bat ez ondo ez gaizki egotea gustatzen zaie. Argudiatzearen ondorioz, askotan beraiek esaten dute: ‘nik lehen hau esan dut baina orain besteak esan duenarekin igual aldatuko nuke’. Hori da gutxi gorabehera metodologiaren muina. Eta helduekin berdin-berdina da, planteamendua berdina da eta gaien lanketa ere esango nuke hein handi batean berdina dela; hau da, planteatzen ditugun gaiak azken batean berdinak direla; are gehiago, batzuetan egin izan dugu saio bera haurrekin eta haurren gurasoekin, eta hori sekulakoa da, zeren gurasoek esaten dute: ‘Hau egiten duzue?’. Eta gero, etxean, seme-alabak joan zaizkiela halako gauzak esanez eta azkenean eurak ere gauza berdinaz aritu direla».

Elkarrizketa filosofikoa

Saioak berak irakasten die haurrei zer den elkarrizketa. Ez dela hitz egitea bakarrik, entzutea ere badela. «Azken batean ohituta ez gauden elkarrizketa mota da saio hauen helburua. Ez da hitz egin eta kito. Denbora behar da, ez dago presarik. Ez dago epaiketarik: honek hau esan du... Entzun behar da eta hori kostatzen zaigu bai helduei, bai… askotan igual helduei gehiago. Entzun eta aurpegi arrarorik jarri gabe, entzun; eta, elkarrizketa onenetan, hori da filosofikoa, entzuten duzu, gero zuk zurea botako duzu besteari erantzunez eta beharbada beste zerbait gehituta. Beraz, guk irakastea baino gehiago nolabait dinamikak beraiek horretara bultzatzea da. Guk erakustea baino gehiago elkarrizketan laguntzea da, eta igual ez dira erantzunak sortzen, baizik eta galdera gehiago, baina beraiek ikusteko denok batera lehenagotik pentsatzen zituzten gauzak edo ideiak bururatu zaizkiela eta horrekin geratu, eta horrela gai bati ateratzen diotela askoz gehiago, eta hori nik uste dut aberasgarria dela, bai helduentzat, bai haurrentzat».

Beste argudio batzuk entzundakoan ikuspegi aldaketak izan daitezke, edo batek dioena beste batek dioen zerbait desberdinarekin bateragarria dela ikusi. «Hori oso polita da. Saldu dizkiguten edo ezarri dizkiguten mezu edo ideiak guk ikasi ditugu eta kito, eta filosofiak pixka bat honen kontra egiten du; horrelako elkarrizketa batean halako testuinguru batean igual esaten duzu: ‘Nik beti pentsatu dut hau horrela dela eta beharbada ez da horrela’. Eta horretaz jabetzen direnean edo beraiek hori esatera ausartzen direnean... askotan ez da erraza, baina giro hori lortu behar da, lasaitasun hori, epaiketarik gabekoa, eta norbaitek esaten duenean: 'Hau pentsatuz etorri naiz saio honetara eta orain justu kontrakoa pentsatzen dut'. Hori ikaragarria da. Edo zalantza sortu zaiola… edo azkenean desesperazioa: 'Dagoeneko ez dakit zer pentsatu'. Hori ikustean pentsatzen duzu elkarrizketa batekin lortu dela hori, eta zer beharra dagoen horretarako».

Haur filosofiako saioak oso ondo «saltzen» ari direla dio Nazabalek, baina batzuetan elkarrizketa pixka bat hutsal geratzen dela, edo okertzen dela; edonola ere, orduan nabaritu behar da gidariaren lana, ate berriak irekitzea ere badena, betiere helburu bat ipar: «Pentsatzea eta pentsatzen den horretaz kontziente izatea».

Gero eta saio gehiago

Ekimenak izan duen erantzun onaren erakusgarri dira han-hemenka egiten dituzten saio ugariak. Saio horiek gauzatzeko, 12 edo 13 lagun daude; bakoitzak bere lana du, eta gero eta saio gehiago eskatzen dizkietenez, ezin dira denetara iritsi. Alde batetik, oso ona dela dio Jakinmineko kideak, jendeak interesa badaukala esan nahi duelako, baina beste batetik, elkarteak jendea behar duela saioak emateko: «Taldeak egonkortu egin dira eta orain gogoa daukan jendea behar dugu elkartean, haur filosofian formakuntza jaso eta saioak emateko».

Orain arte batez ere liburutegiek eta elkarteek eskatutako saioak egin dituzte, hala nola Gasteizko Ignacio Aldekoak, Tabakalera eta Kutxa Kulturrek, Usurbilen Oinherri Herri Hezitzaileak plataformak... Online saioak ere egin dituzte, esate baterako, Aupatuz-ekin, adimen gaitasun handia dutenen elkartearekin alegia.

Harrera ona izan dute eta, Nazabalen ustez, parte hartzen dutenak katigatu egiten dira. Horren erakusgarri, egin dituzten zineforumak: «Kasu honetan, pizgarri gisa film bat ikusi eta abiapuntu hartuta, ondoren elkarrizketa filosofikoa; eta saio horiek ikaragarrizko arrakasta izan dute». Hil honetarako, Tabakalerako Kutxa Kulturren prest daude bai haurrentzako, bai helduentzako tailerrak, eta prest Jakinmin elkartekoak ere, Nazabalek dioenez eurek ere oso gustura egiten baitute «plaza hori, elkarrizketa bat inongo presiorik gabe».

 

OI(H)ARTZUN FILOSOFIKOAREN KUTIXIAK

Jakinmin elkartea sortzeko ideia mamitu zeneko ikastaro haietan lau oiartzuar zeuden, tartean Maddi Nazabal, aurretik ere beren herrian haur filosofiako saio batzuk antolatu zituztenak. Aldi bertsuan sortu ziren Jakinmin eta elkarte horren barruan dagoen Oi(h)artzun Filosofikoa.

«Haur filosofia oinarri izanda, herriko sortzaileekin saioak egiten animatu ginen», azaldu du Nazabalek, «aipatu dugun metodologiaren oinarri den pizgarria hainbat sortzailek aurkeztuko zutena izan zedin». Sortzailea ipuin kontalaria bada, ipuina da pizgarria; ilustratzailea denean, ilustrazioa… «uztarketa bat, haur filosofia alde batetik eta herriko sortzailea beste batetik. Dagoeneko bosgarren ikasturtea dugu hau». Orain Errenterian ere berdintsu egitea pentsatu omen dute.

«Sortzaileentzat ere polita da ikustea nola bultza dezaketen hausnarketa beren sorkuntza horiek eta haurrentzat polita da saioak ematen dituzten horiek, beti gu izan ordez, herriko sortzaileak izatea, bat ipuina kontatuz, bestea musikarekin... Horrela oreka sortzen da, denentzat aberasgarria dena».

Herrian dinamika bat sortzea lortu zuten eta iaz “Hamaika Kutixi Filosofiko” argitaratu zuten. Pandemia zela-eta ezin zuten saiorik egin eta zerbait egin ote zitekeen buruari hainbat buelta eman ostean, beharbada materiala sortzeko aukera izan zitekeela bururatu zitzaien. Pentsatu eta gauzatzen hasi: ipuinak, poemak, antzerki piezak, ilustrazioak… eta galderak, saioetan erabilgarri izan zitezen. Aurretik saioetan parte hartutako zenbait sortzailerekin zituzten harremanetatik tiraka, 22 lagunen parte-hartzea lortu zuten, erdiak ilustrazioak eta beste erdiak testuak egin zituztenak. Gai baten gaineko testu ilustratu bakoitzari galdera bat dagokio; beraz, 11 gai lantzeko materiala da. «Gure txikitasunetik material txukun bat behintzat sortu dugu, zenbait puntutan erreferente izan daitekeena. Gure hondar aletxoa da».

Finantziazioari dagokionez, Oiartzungo Udalari aurkeztu zioten proiektua, berak finantzatzen baititu filosofia saioak, eta sortzaileei ordaintzeko ardura hartu zuen. Kutixi kutxa argitaratzeko materialak, inprenta eta horrelako gastuei aurre egiteko, berriz, crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten. Ez zekiten zenbateko oihartzuna edo harrera izango zuen lanak, eta argitaratu aurretik erosle batzuk izango zituztela ziurtatzeko abiatu zuten kanpaina. Aurreikuspen guztiak gaindituta, 300 ale lotu zituzten eta 500 aleko tirada ateratzea erabaki zuten. 500 aleak saldu zituzten «eta horrek ikaragarrizko animoa eman zigun, ikusita zer txikitasunetatik hasi den proiektua». Bigarren tirada bat atera dute.

«Filosofia edo haur filosofia egiteko materiala da, baina bestela ere, azken batean, ipuin bilduma bat da, ilustrazioekin eta galderekin». Izan ere, etxean irakurtzeko ere balio du, bai helduek, bai haurrek. «Kuadrillan ez dakit, baina ipuin bat irakurri eta galdera batzuen inguruan nik uste dut bat edo beste dibertituko liratekeela, azken batean denontzat interesgarriak izan daitezkeen galderak direlako, denok ukitzen gaituztenak behintzat».

Lan hori Internet bidez eska daiteke. Bestalde, elkartea web orria abian jartzen ari da, informazio guztia eskainiko duena, eta luze gabe ikusgai izango dela uste dute.