NAIZ

Osakidetzak 119 GIB infekzio antzeman zituen iaz; %52 diagnostiko berantiarrak izan ziren

119 GIB infekzio berri antzeman zituen iaz Osakidetzak. Kasuen %52,1ean diagnostikoa berantiarra izan zen, hau da, GIBa immunitate-sistema jada oso kaltetuta zegoenean detektatu zen.  

Hiesaren probaren garrantzia nabarmendu du Osakidetzak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Hiesaren probaren garrantzia nabarmendu du Osakidetzak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Osakidetzak iragarri duenez, iaz 119 GIB infekzio antzeman ziren. Aurreko urtean, pandemiaren urtean, 105 izan ziren; 2019an, 147; eta, 2018an, 171. Kasuen %52,1ean diagnostikoa berantiarra izan zen, hau da, GIBa immunitate-sistema jada oso kaltetuta zegoenean detektatu zen. 

Datuen arabera, %84 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 38,9 urtekoa da, 2020ko bera. GIBak eragindako infekzio gehienak sexu-transmisiokoak dira, eta, oraindik, gizonekin sexua duten gizonen artean transmititzen da nagusiki, diagnostiko guztien %55,5. Bide heterosexualaren bidezko transmisioa %39,5 da.

Osakidetzak, guztira, 6.122 pazienteri eman zien arreta erretrobirusen aurkako tratamenduekin 2021ean, eta gastua 16.887.866 eurokoa izan zen, 2020an baino %1,5 handiagoa. Erretrobirusen aurkako tratamendu orokorrak erabateko beherakada eragiten du hiesa garatzen duten pertsonen kopuruan. Hala ere, 2021ean, hiesaren 25 kasu berri diagnostikatu ziren.

Egoera honi aurre egiteko, aurten ere Hiesaren eta STIen Euskadiko Planean jasotzen diren prebentzio-ekintzako ildo guztiak «erabat aktibo» mantentzearen aldeko apustua egingo dela nabarmendu du Lakuak.

Besteak beste,  GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programa (PrEP) nabarmentzen da; hura 2019ko azaroan jarri zen abian eta GIBagatiko infekziorako arrisku handiko egoeran dauden pertsona osasuntsuei zuzentzen zaie. Pertsona horiei GIBagatiko infekzioaren prebentziozko tratamendua agintzen zaie hartzeko (Tenofovir disoproxilo 300 mg + Emtricitabina 200 mg). Bi urte hauetan, 434 pertsonak hartu dute medikamentu horiekin prebentziorako tratamendua.

EAEn egiten den prebentzio-ahaleginak diagnostikoen atzerapenik ez egotea ere badu xede. Horretarako, botiketan GIBaren test lasterrak egiten dira: guztira 1.000 egin ziren 2021ean, eta, haietatik, 9 positiboak izan ziren (%0,9). 

Halaber, Osakidetzak gizonekin sexua duten gizonentzako online kontsulta birtuala ere badu, eta aukera ematen die sexu-transmisiozko infekzio posible baten sintomei buruzko galderak anonimoki planteatzeko. 2021ean, 300 erabiltzaile izan zituen, 2020an baino %44,4 gehiago.

Gora egin dute sexu transmisiozko infekzioak

Hezkuntza-eremuari dagokionez, 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako prebentziozko programak ere daude. Programa horietan sexu transmisiozko infekzio guztiak jorratzen dira. Izan ere, gora egin dute.

Iaz areagotu egin ziren diagnostikoak infekzio mota guztietan. Zehazki, Osakidetzak herrialde bakoitzean dituen hiru kontsulta espezifikoetan honako hauek erregistratu ziren: 976 chlamyidia kasu, 2020an 679 izan ziren); 797 infekzio gonokoziko, aurreko urtean baino %66,33 gehiago; 273 sifilis goiztiar kasu, aurreko urtean baino %37,2 gehiago; eta 160 kasu herpes genitalenak, eta 2020an 158 izan ziren.

2021etik aurrera, Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako mikrobiologia-zerbitzuen diagnostikoak zenbatzen dira, bai eta Mendaroko ospitaleko STIen kontsulta ere; haiek lurralde-kontsultetakoei gehituta, Chlamydiako 1.479 kasu antzeman ziren, gonokoziako 988, sifiliseko 294 eta herpes genitaleko 199.