NAIZ

Unai Lekuona Araiako artzainaren gaztak irabazi du «Bilbo Hiria» txapelketa

Araiako Unai Lekuona artzainak Bilbo Hiria Artzain Gaztaren XVIII. Txapelketaren lehen saria irabazi du. Hogei ekoizle inguru bildu duen lehiaketan, Arabako beste gazta bat geratu da bigarren, Galarretako Azkarra gaztandegiarena.

Ekoizle saridunak, Plaza Barrian.
Ekoizle saridunak, Plaza Barrian. (Alde Zaharreko Dendarien Elkartea)

Araiako Lekuona gaztandegiko Unai Lekuona artzain ekoizleak irabazi du Artzain Gaztaren XVIII. Txapelketaren lehen saria, igande honetan Bilboko Plaza Barrian ospatu den lehiaketan.

Hogei ekoizle inguru bildu duen txapelketan, beste gazta arabar bat geratu da bigarren postuan, Galarretako Azkarra gaztandegiarentzat izan baita bigarren saria.

Idiazabal Jatorri Deitura babestuaren dastatzaile ofizialez eta sukaldari eta kritikari gastronomiko ezberdinez osatutako epaimahaiak aurkeztutako gazten «kalitate oso altua» narabarmendu du.

«Gazteak izan arren eta erabat heldu ez arren, oso zaila izan dugu» eta «irabazleak oso puntu gutxigatik» erabaki direla azaldu du Jesus Oleaga Idiazabal Jatorri Deiturako dastatze batzordeko kideak.

Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak, Artzai Gazta artzain elaboratzaileen elkarteak eta Idiazabal Jatorri Izendapenak antolatzen dute eta BBK Fundazioak eta Bilbao Ekintzak babesten dute ekimena.

Denboraldiko lehen txapelketa izanik, ekoizleak lehenengo gaztekin iristen dira lehiaketara, 60 egun baino gutxiagoko sendatze baxuarekin, baina usain biziagoekin.

Lehiaketarekin batera Idiazabal gaztaren inguruko nekazaritzako elikagaien azoka ospatu da Plaza Barrian, ekainaren 9tik 19ra Alde Zaharrean egiten den Gazta Fest jaialdiaren barruan.