NAIZ

Uzta «handia eta kalitate onekoa» aurkeztu du Euskal Sagardoak, 3,5 milioi litro ekoitzita

Euskal Sagardoa Jatorri-Deiturak azken uztaren fruitua aurkeztu du Bilbon, sagardotegi denboraldia amaituta. Oparoa izan denez, sagardo bereziak sortu eta eskaintzeko aukera egon da aurten. Datorren urtera begira, txotxa ziurtatzeko erronka dute.

Guggenheim museoan egin dute Euskal Sagardoaren produktuen aurkezpena.
Guggenheim museoan egin dute Euskal Sagardoaren produktuen aurkezpena. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal Sagardoa Jatorri-Deiturak uzta «handia eta kalitate onekoa» izan du 2021ean. Izan ere, 3,5 milioi litro ekoiztu dituzte 6 milioi kilo sagarrei esker, astelehen honetan Bilboko Guggenheim museoan egindako prentsaurrekoan aipatu dutenaren arabera.

49 ekoizlek 75 sagardo ezberdin aurkeztu dituzte. Bertako sagarrarekin eta kalitate ziurtatuarekin egindako produktua da, eta «orokorrean sagardo orekatuak eta alkohol graduazio txikixeagokoak dira», arduradunek nabarmendu dutenez.

Aurkezpenean parte hartu dutenek adierazi dutenez, «produktu oso bereziak eta berritzaileak ikusten ari dira sagardoaren sektorean», sagasti bakarreko sagarrekin edo barietate bakarrarekin egindako zukuak, onduak edo egur ukituarekin. Azken uzta hau «hain oparoa eta kalitatezkoa denez, «horrelako proposamen interesgarriak» egin eta merkaturatzeko aukera egon da.

Jatorri izendapenaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, urte askotako lanaren emaitza da eta «batez ere sagardoaren etorkizunaren aldeko apustu garbia».

Astelehen gau honetan sagardo ezberdinak aurkeztu eta dastatuko dira Guggenheim Museoko Atrioan ospatuko den afarian eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena duten sagardoak, bertako produktuetan oinarritutako platerekin batera, Nerua jatetxeak prestatutakoak.

Denboraldi berezia

Gogora ekarri dutenez, 2022ko sagardotegien denboraldiaren leloa ‘Sagardotegi denboraldia, merezi dugulako’ da. Azken bi urte zailen ondoren, normaltasunera bueltatzeko beharra zuten, bai bezeroek eta baita sagardogileek ere. 2022ko denboraldia ere ezohikoa izan da, ezin izan baitzen otsaila erdialdera arte txotxik egin. Aurtengo denboraldia ere, sagardo berria botila garden eta pitxarretan dastatuz hasi zuten bezeroek eta otsaila erditik aurrera, izan da zutitu eta txotxetik dastatzeko aukera.

2021eko datuekin alderatuta, sagardotegiek «lanerako aukera gehiago izan dute» eta erreserbak %25 igo dira. Bestalde, irteeretan, dastaketetan eta bisita gidatuetan, «iazko urte osoko erreserba datuak gainditu ditugu dagoeneko».

Bezeroen kontsumo ohiturei dagokienez, joera aldaketa sumatzen da, eguerdiko zerbitzuen igoerarekin eta gaueko zerbitzuen beherakadarekin.

Datu horiek eskuan, sektoreak positibotzat jo du 2022 denboraldia, eta espero du datozen urteetarako ere eskaintza egokitzen joango dela, bezeroek etorkizuneko Euskal Sagardoa txotxean dastatu dezaten.

Era berean, ‘Sagardoa Route-Euskal Sagardoaren Ibilbidea’ ekimena nabarmendu dute; dastatze gidatuak, sagardotegietara bisitak, kirol eta kultur jarduerak eta udarako agenda oso bat antolatzen dute horren baitan.

Orain taberna eta jatetxeak eskaintza horrekin bat egin dezaten lanean ari dira. «Euskal Sagardoaren aldeko apustua egin nahi duten establezimenduetan ekintzak eta jarduerak sortzea da helburua, Euskal Sagardoaren kultura zabaldu eta jendeari Euskal Sagardoarekin gozatzeko aukerak eskaintzeko», adierazi dute.