Sebastien Nadot Garona Garaiako diputatua eta Kanpo aferetako batzordeko kidea, eta Thomas Lacoste ‘L’hypothese democratique-Une histoire basque’ dokumentaleko zuzendaria Parisko Asanblea Nazionalean prentsaren aurrean agertu dira ekainaren 14 honetan. Euskal Herriarentzat bake justu eta iraunkorra aldarrikatu dute, eta horretarako hautetsien «ausardia eta goratasun politikoa besterik ez» dela falta nabarmendu dute.
Hauteskunde legegileen bi itzulien arteko momentu sinboliko honetan, igandean hautatuko diren diputatuei zuzenean zuzendu zaizkie gaur Parlamentuan, horrelako gatazkarik berriz errepikatu ez dadin epe motzera. Zentzu horretan, Estatu frantses eta espainolak euskal bake prozesuaren kontra daramaten jokabidea salatu dute.
«Bi aldeetako biktimen ezagutza, erreparazioa, zortea, preso “politikoen’ hurbilpena eta askatzea, justizia antiterrorista frantses eta espainolek enbarazu egiten dieten negoziatzaileen babes halabeharrezkoa» Nadot diputatuak baldintza horiek beharrezkoak direla baieztatu du Parisen.
«Etorkizuneko diputatuei, Gobernu berriari eta Estatuburuari zuzentzen gatzaie handikiro gatazkaren ondorioen oinarriak konpontzera engaiatu daitezen» baieztatu du zuzendariak.
Zinemagileak ‘L'hypothese democratique’ dokumentala izaten ari den arrakasta handiaren berri eman du, bederatzi aste baitaramatza zinema geletan, eta hamargarrena Ipar Euskal Herrian, non harrera bereziki ona izaten ari den.
Euskal prozesua
Prozesuari dagokionez, euskal gizarteak eraman duen bide berritzailea agerian gelditu dela azpimarratu dute. Lacostek gaur egun bi estatuen errepresioak jarraitzen duela nabarmendu du, eta bake negoziatzaileen babesa aldarrikatu du, Josu Urrutikoetxearen atxiloketa gogora ekarriz.
XXI. mendean prozesuaren kontrako jokabide horri eman zaion oihartzun eza, eta «ikusezintasun» osoarekin egin dela gaineratu du. Aldiz, «ezohiko nazioarte mailako mobilizazioari esker askatzea» lortu izana agerian utzi du.
Zentzu horretan, zera ohartarazi du: «Urrutikoetxea kartzelatzea, jarraitzea edo estraditatzea Ostiral Santuko 1998ko Akordioen ondoren Gerry Adams atxilotuko balute bezala da».
Presoak
Preso politikoak ere aipagai izan dira; ETAren jarduna 2011tik bukatua bada ere, egun 184 preso daudela nabarmendu dute, aldi berean oinarrizko eskubideak ez direla errespetatzen gogora ekarriz. «Gatazka honetan ikusezintasun eta estigmatizazio mekanismoak alde batera uztea derrigorrezkoa da, eta horren ordez benetako ezagutza politikoa ezartzea» baieztatu du Lacostek.
Bide horretan, preso guztien askatasuna eztabaidatzeko unea dela baieztatua izan da, bai eta munduko beste gatazketan baliatu izan diren beste baliabideak ere erabiltzen hastea.
Film arrakastatsua
‘L’hypothese democratique-Une histoire basque’ 2016an abiatu zen proiektu oso baten parte da, zeinak euskal gatazkari eta bere eraldatzeari buruzko informazioa biltzea duen xede.
70 pertsona baino gehiago elkarrizketatuak izan dira, eta orotara 315 ordu baino gehiago irauten duten elkarrizketak bildu dituzte. Horiek oinarri hartuta lau egitasmo ematen ari dira plazan.
Lehena, ‘Bakea orain’ edo ‘La Paix maintenant – Une exigence populaire’ 23 minutuko laburmetraia da, armagabetzea laguntzeko eta ezagutarazteko egina izan zena. Geroztik sei hizkuntzatara itzulia izan da, eta interneten ikus daiteke urririk.
Bigarrena metraje ertaineko lau filmez osatutako tetralogia da, nazioarteko telebistei zuzendua eta 2020ko udaberrian ezagutzera eman zena: ‘Pays basque et liberte – Un long chemin vers la paix’.
Gaur Parisen aurkeztua izan den filma da hirugarrena, eta laugarren proiektua gauzatzen ari da. Plataforma digital bat osatzen ari dira 315 orduak sarean eman nahi dituena. Ondarea eta belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzeko xedea du, eta erabiltzeko modu errazean egiten entseatzen ari dira, gaika, kronologiaren arabera edo hizketariaren arabera antzematen ahalko dena.
Baliabide berritzailea izan nahi duen plataforma hori gauzatu ahal izateko kolaboratzaile ekonomikoen bila dira orain.