Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Ekaitz baten filmazioa zuri-beltzezko Donostian

Bi denboratan –iragana eta orainaldia– zatitutako maitasun istorio baten bitartez «belaunaldi baten desenkantu eta horizonte falta» kontatu nahi du Alberto Gastesiren ‘Gelditasuna Ekaitzean’ pelikulak. Astearte honetan sekuentzia batzuk grabatu dituzte Donostian.

Loreto Mauleon eta Aitor Beltran aktoreen sekuentzia baten grabazioa Donostian.
Loreto Mauleon eta Aitor Beltran aktoreen sekuentzia baten grabazioa Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pasa zitekeen arren, ekainaren 14 honetan Donostiara ez da ekaitzik agertu. Lara eta Daniel, ordea, ekaitzaldi batean ezagutu ziren eta beste batean egin beharko lukete, edo egin dute, topo berriz. Ez dira, ezta ere, zuri-beltzean eta 4:3 formatuan aurkeztu: Easo plazaren inguruak, astearte honetan, hiru dimentsioko udaberri-koloretan ziren.

Alberto Gastesi zuzendariaren ‘Gelditasuna Ekaitzean (La quietud en la tormenta)’ pelikula bigarren filmatze-fasean dago. Apirilean grabatu zuten fikzioan lehenaldiari dagozkion eszenak eta orainaldiarekin ari dira orain. Loreto Mauleon (Lara) eta Iñigo Gastesi (Daniel) aktoreei dagokie protagonisten papera, Lara eta Danielena. Alberto Gastesi zuzendariak laburtu du fikzioaren trama: «Belaunaldi baten desenkantu eta horizonte falta bat kontatzen da maitasun istorio baten bitartez». Hala, flashback-ek osatuko dute kontakizun ez lineal bat, ekaitz bik borobilduko dutena: 20 urte inguru dituzte Larak eta Danielek ekaitz baten erdian topo egiten dutenean, eta handik hamar urtera, bigarren ekaitz batek elkartuko ditu berriro, atzera ere Donostian.

Alberto Gastesi zuzendaria, Mauleon eta Beltran aktoreekin hitz egiten. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Alberto Gastesi zuzendaria, Mauleon eta Beltran aktoreekin hitz egiten. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Maitasuna, beraz, egongo da pelikulan, baina bizia edo dekadentea izango ote den, ustekabekoa edo kausala, ez da jakingo harik eta udazkenean, euskaraz eta gaztelaniaz, zuri-beltzean eta 4:3 formatuan, filma zinemetan estreinatuko den arte.

Bi hizkuntzatan filmatzearena ez da hainbeste hautua izan, Alex Merino ko-gidoilariaren hitzetan, zerbait naturalagoa baizik. «Askotan familiarekin euskaraz hitz egiten dugu eta lagunekin ez, edo kontrakoa. Hau, nolabait, gure belaunaldiaren erradiografia bat da eta pentsatzen dugu horrelakoa dela gure eguneroko errealitatea», azaldu du.

Alberto Gastesik argitu du, halaber, zuri-beltzearen aldeko apustua proiektuaren sorreratik finkatu zutela: «Aurpegi, pertsonaia, erretratu eta argiaren istorio bat da. Eta zuri-beltzak zentzua du, baduelako izaera melankoniko bat».

«Zuhur! Eta... ekin!»

«Isilik! Zuhur! Eta... ekin!». Zuzendariak entzungailuak jantzi ditu, soinu-operadoreak altxatu du mikrofono astuna, hasi da gaztea grabazio-garabiari tiraka, gainean, kamera, Loreto Mauleon eta Aitor Beltran aktoreareei destatuta, haien ibilerari doituta. «Moztu!»

Loreto Mauleon, filmeko protagonista. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Loreto Mauleon, filmeko protagonista. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Donostiako Arroka kalean izan da asteartean ‘Gelditasuna Ekaitzean’-eko taldea. Dozena bat aldiz errepikatu dute sekuentzia bat; aktoreak nahastu direla, planoaren atzealdetik motor bat pasatu dela, andre lotsagaldu bat erdi-erditik igaro dela. Makillajea Mauleoni, garabi-kamera abiapuntura eraman, «lasai, ondo ari zarete» zuzendariak aktoreei, eta berriz: «Zuhur! Eta... ekin!»

«Ona! Perfektua!», ospatu du azkenean Alberto Gastesik.

Bi aldi, bi prozesu

Erronka izan da aktoreentzat pertsonaia berbera momentu ezberdinetan interpretatzea. «Izan dut aukera iraganeko pertsonaia prestatzeko eta gero izan dut aukera, bi hilabeteko tartean, beste sormen-prozesu bat egiteko oraineko pertsonaia prestatzeko. Kilo batzuk ere hartu behar izan ditut», esan du Gastesik.

Iñigo Gastesi, ‘Gelditasuna ekaitzean’ filmeko protagonista Mauleonekin batera. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Iñigo Gastesi, ‘Gelditasuna ekaitzean’ filmeko protagonista Mauleonekin batera. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Mauleon, gainera, bere lehen protagonista paperean ari da eta etxean, Donostian. «Nahiko genuke dena hemen egitea, etxera itzultzea eta, gainera, horrelako istorio polit batekin, opari bat da», agertu du.

20 urteko Danieli «bizitzea gustatzen zaio, oraina»; 30 urtekoak, berriz, badu jada hainbat bizipenen zama, Iñigo Gastesi aktoreak esplikatu duenez. Lararen bizitza, aldiz, «familiako kontu batzuek» baldintzatu dute eta «bizitzak ez dizkio eman berak zituen ilusioak, baina horrek ez dio eragin ozpinduta bizitzeak», aurreratu du Loreto Mauleonek.

Gastesik zein Mauleonek onartu dute: interpretatzen dituzten pertsonaien bizipenek badute beraienekin zerikusirik. Belaunaldiaren erradiografian asmatu denaren seinale, agian.