NAIZ

Irisarriko eskola publikoa okupatu dute bertako gurasoek murgiltze eredua aldarrikatzeko

Euskarazko murgiltze eredua lehen hezkuntzan sortzeko eskaera egin dute Irisarriko eskola publikoan, baina Estatu frantseseko Hezkuntza Nazionalaren erantzunik jaso ez dutenez, gurasoek hezkuntza zentroa okupatzea deliberatu dute astearte honetan.

Irisarriko eskola okupatu dute haur eta burasoek.
Irisarriko eskola okupatu dute haur eta burasoek. (GUILLAUME FAUVEAU)

Murgiltze ereduaren aldeko borroka ikasturtea hasi baino lehen ere abiatu da Irisarriko eskola publikoan. Urtero Ipar Euskal Herriko eskolaren batek euskarazko murgiltze eredura pasatzea eskatzen du, eta aurten ere horrela da Irisarrin 2022-2023 ikasturteari begira. Baina Hezkuntza Nazionalak erantzunik eman ez duenez, gurasoek borroka indartzea deliberatu dute, astearte honetan eskola okupatuz.

Egitasmo berritzailea proposatzen dute Irisarrin, haur hezkuntzan murgiltze eredua bada Nafarroa Behereko eskolan, baina lehen hezkuntzan zehar sistema berezia izatea nahi dute. Lehen hiruhilekoan murgiltzean jarraitzea, eta ondoren hiru egunez euskaraz eta bat frantsesez.

Murgiltze eredua ezartzeko gida

Joan den martxoaren 31n, Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar orokorrean François-Xavier Pestelek Hezkuntza Nazionalaren ordezkariak bat egin zuen murgiltze eredua hezkuntza publikoan eta katoliko pribatuan ezartzeko baliagarria den «gidaren» aldeko bozkan.

Bertan adierazten zen murgiltze eredua ezartzeko eskaera, buraso elkarteek, erakasleek, zuzendariek edo herriko hautetsiek egin dezaketela, eta eskaera egiteko epeak ere aipatzen dira. Baldintza horiek guztiak beteak direla baieztatu dute hezkuntza zentroko langileek eta Herriko Etxeko ordezkariek, eta hala ere ez dute baiezko erantzunik jaso.

Estatu frantseseko hizkuntza gutxituetan murgiltze eredua ezartzea legeztatzen zuen Molac legearen  kontra Kontseilu Konstituzionalak emandako deliberoaren ondoren, Gobernuak abenduan argitaratu zuen zirkularrean ordura arte hezkuntza publiko eta pribatu katolikoan esperimentala zen murgiltzea legeztatu zen.

Gaur egun zirkular horren bitartez esperimentaziotik estatus legalera izatea lortu zuten 22 eskola publikoetan eta 20 pribatuetan ezarria da murgiltzea.