NAIZ

Setien eta Larre Gain sailkatu dira erremonteko Sagardoaren Txapelketako finalera

Ansa II.a-Juanenea bikotea Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a 30-25 garaitu zituzten eta Urriza-Zubirik 30-22 irabazi zieten Segurola-Azpirozi.

Urriza eta Zubirik pozarren amaitu zuten finalerako sailkapena.
Urriza eta Zubirik pozarren amaitu zuten finalerako sailkapena. (Maialen ANDRES/FOKU)

Dagoeneko Sagardoaren Txapelketak ezaguten ditu beere finalistak. Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri bikoteek jokatuko dute datorren astelehenean bien arteko final handia. Finalerdietan Setien eta Larre Gain nagusitu ziren Oialume Zar eta Petritegi ordezkatzen dituzten Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Segurola-Azpirozi.

Lehenengo finalerdian Ansak eta Juaneneak 25-30 garaitu zituzten Goikoetxea V eta Barrenetxea. Beste behin, Oialume Zar finaleko atean geratu da. Bigarren partidan Urrizak eta Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola eta Azpirozen kontra. Beraz, Urriza eta Ansa aurrelariak berriz ere Sagardoaren Txapelketaren finalean elkarren aurka ariko dira. Oraingoan, Juanenea eta Zubiri bikote dituztela. Pasa den urtean Ansaren bikote zen Labaka eta Urrizak, Zalduarekin irabazi zuen txapela.
Finalerdiak lehiatuak izan ziren eta Galarretan giro benetan polita jarri zuten hurbildu ziren zaletuek. Ekitaldi jendetsua izan zen atzokoa Hernaniko frontoian. Telebista audientziak ere oso onak izan ziren, ETB-1ek prime timean ohikoa duenetik oso goitik.

Ansa eta Juanenea hasieratik nagusitu ziren lehenengo finalerdian, nahiz eta partida lehiatua izan. 2-4 aurreratu ziren eta abantaila mantentzen joan ziren, 7-10era arte. Orduan bost tanto jarraian egin zituzten urdinek eta zortzi tantoko abantaila lortu zuten, 7-15. 12 eta 20ra arte mantendu zuten abantaila eta orduan etorri zen gorrien erreakzioa. Hiru tantora hurbildu ziren 20-23, baina ez zen harago joan. Ansak eta Juaneneak abantaila handitu zuten sei tantora, 23-29 eta partidua itxi zuten 25-30.

Tanto oso gogorrak jokatu ziren eta partida ikusgarria izan zen. Lau pilotariak lurrean ere geratu ziren tantoak amaitzean. Ansa izan zen zenbaki onneak egin zituen pilotaria, 18 tanto egin eta hiru akatsekin. Nagusi izan zen aurrelarien lehian eta oso ongi aritu zen. Goikoetxeak zazpi tanto eta hiru akats egin zituen. Atzelarien artean Barrenetxeak ere partida esanguratsua egin zuen, 14 tanto eta bi akatsekin, baina Juaneneak ongi eutsi zion eta ez zuen ia akatsik egin. Zazpi tanto eta akats bakarra egin zituen.

Bigarrena ere gogorra

Bigarren partida ere gogorra izan zen eta gorriek, Urrizak eta Zubirik, partida azken tantoetan erabaki zuten. Urdinek ongi hasi zuten partida, aurretik, 2-4, eta pare-parean joan ziren. Gorriek lau tantoko aldeak lortu zituzten 12-8 eta 19-14, baina urdinak, Segurolak kolpearekin eta errematean min handia eginez, 21-20 jarri ziren.

Hala ere, ez zuten lortu partida berdintzea eta gorriek azken txanpa hobea egin zuten. Zubirik bere esperientzia jarri zuen kantxan eta Azpiroz gainditzea lortu zuen. Goizuetarraren partida nabarmentzeko modukoa izan zen. Aldea sei tantora igo zuten eta partida erabaki zuten, 26-20. Nekea nabaritu zuten urdinek eta 22an geratu ziren. Zubiri izan zen finalerdietako erremontistarik onena 11 tanto eta akats bakarrarekin. Urrizak 13 tanto eta bi akats egin zituen. Urdinetan Segurola nabarmendu zen eta Urrizaren pare aritu zen 14 tanto eta 4 akatsekin. Azpirozek bost tanto eta bi akats egin zituen.