Joseba Salbador Goikoetxea

Aire girotua, beti prest

Gure autoaren ia elementu mekaniko guztiek bezala, aire girotuak eta klimatizazio-sistemak hainbat zainketa behar izaten dituzte, beroa iristen denean behar bezala funtziona dezaten.

Aire girotuaren funtzionamendu-tenperatura egokiena 20 eta 22 gradu artekoa da.
Aire girotuaren funtzionamendu-tenperatura egokiena 20 eta 22 gradu artekoa da. (NAIZ)

Oso ohikoa da beroa estutzen hasten denean bakarrik gogoratzea aire girotuaz. Baina adituek aldian behin martxan jartzea gomendatzen dute, gutxienez hamar minutuz, baita neguan ere, uda iristen denean arazorik gabe funtziona dezan. Hori eginda ere, sistemak hozten ez badu, gas hoztailez berriz kargatzea da egin beharrekoa, eta, hala egin arren, hoztu gabe jarraitzen badu, beharbada matxura larriago bat izan dezakegu.

Gure autoan instalatutako ia elementu mekaniko guztiek bezala, aire girotuak eta klimatizazio-sistemak hainbat zainketa behar izaten dituzte behar bezala funtziona dezaten. Hurrengo lerroetan, sistema beti prest izateko trikimailu batzuk azalduko ditugu, baita sintomak eta matxurarik izanez gero egon daitezkeen konponbideak ere.

Lehenik eta behin, eta bitxia badirudi ere, sistema noizean  behin gutxienez hamar minutuz martxan jartzea gomendatzen dute adituek, baita neguan ere, hodietan eta lehortutako junturetan ihesak saihesteko. Autoaren leihatilak lurrunduta daudenean aprobetxatu dezakegu egiteko, modu horretan askoz azkarrago garbituko baitira.

Beste aholku bat gure bidaia amaitu baino bost minutu lehenago airea itzaltzea da, hori bai, aireztapena piztuta utziz. Horrek sistema behar bezala lehortzea ahalbidetuko du, eta modu horretan onddoak eta bakterioak agertzeko arriskua gutxituko du, martxan jartzean sortzen diren usain txarren iturri direnak.

Udan, autoa eguzkitan aparkatuta utzi badugu, komeni da hasieran kilometro batzuk leihatilak jaitsita ibiltzea, barruko tenperatura kanpokoa baino altuagoa izango baita. Horrela, gehiegizko esfortzua saihestuko dugu, eta horretarako ere ez da komeni egunik beroenetan ahalik eta potentzia handienean lan egitea. 20 edo 22 graduan jartzea nahikoa izango da.

Aire girotua erabili ondoren, lurrean ur-putzu txiki bat ikusten badugu, ez dugu kezkatu behar. Ekipoaren lurrungailuan kondentsatutako airearen hezetasuna da, husteko hodi baten bidez kanporatu eta lurrean amaitzen duena.

Arazoak iristen direnean

Aholku horiek kontuan izan arren, ordea, litekeena da denborak aurrera egin ahala arazoak sortzea eta sistemak behar bezala ez hoztea. Horren susmorik badugu, termometro bat jar dezakegu aire girotuaren irteeren ondoan, potentzia handienarekin eta ahalik eta tenperatura txikienarekin konektatuta. Tenperatura 2 eta 5 gradu artekoa bada, ondo funtzionatzen duela esan nahi du, baina handiagoa bada, arazo bat daukagula erakuts dezake eta komeni da sistema berrikustea.

Ihesik ez badago ere, gas hoztailea pixkanaka kontsumitzeko joera dago. Normaltzat jotzen da urtean %10erainoko galera izatea; beraz, denborak aurrera egin ahala, sistemak pixkanaka eraginkortasuna galduko du. Horregatik, bi urtean behin sistema kargatzea komeni da, eta eragiketa horrek 50 euro inguruko kostua izango du.

Airea indarrik gabe irteten dela ikusten badugu, logikoena da barruko iragazkia (polenaren aurkakoa) zikina egotea eta aire-irteera oztopatzea. Iragazkia aldatzea izango litzateke orduan irtenbidea, eta kasu honetan 30 eta 50 euro arteko kostua izango luke.

Arazorik larriena konpresorea matxuratuz gero izan dezakegu. Aire girotuak motor edo konpresore bat erabiltzen du eta, hori hondatuz gero, ez du airea hoztuko, nahiz eta indarrez ateratzen jarraitu. Matxurarik larriena da, gutxienez 400 euroko kostua izan baitezake.

Arazo hori saihesteko moduetako bat, hasieran esan dugun bezala, neguan ere sistema konektatzea da, konpresorea urte osoan lubrifikatuta dagoela ziurtatuko baitugu, eta ohitura txiki horrekin atsekabe bat baino gehiago ekidingo dugu.